Omenaldi sentitua eskaini diote Iruretagoienari, hil zutela 25 urte bete direnean

Udaletxeko pleno aretoa bete dute ETAk hil zuen Zarauzko zinegotzia gogoratzeko. Oroimenezko ekitaldian hitz hartze hunkigarriak egin dituzte Mikel Iruretagoiena semeak eta Xabier Txurruka alkateak.

25 urte bete ditu Jose Ignacio Iruretagoienaren hilketak, 1998ko urtarrilaren 9an hil zuen ETAk, eta izan zena gogoratzeko baliatu dute urteurrena Zarauzko Udalak eta familiak. Iruretagoienaren oroimenezko plaka duen udaletxeko pleno aretoak hartu duen ekitaldi hunkigarrian oroitu dute ordezkari politiko, senide eta gainerako ahaideez inguratuta. Goraino zegoen aretoa.

Behin gonbidatu eta familiari babesa adieraztera gerturatu nahi izan duten herritar guztiak bilduta, Xabier Txurruka alkateak eman dio hasiera ekitaldiari alderdiek adostutako adierazpena irakurrita. Hala, ETAk hildako PPko zinegotziaren atzean zegoen pertsona gogoraraziz hasi du irakurketa Txurrukak eta azpimarratu du ez zutela sekula hil behar: "Ez dago justifikaziorik. Guztiz bidegabea izan zen. Ez dago ezer, giza eskubideen, pertsonaren eta bizitzaren balioaren gainetik; ez kausa politikorik, ez bestelakorik".

Halaber, atzera begirada autokritikoa ere bota dute: "Erakundeok eta indar politikook hausnarketa kritikoa partekatu behar dugu egin ez denari buruz, edo modu isilean egin denari buruz, edo berandu egin denari buruz; edo banatu gaituenari buruz bene-benetan batzen gaituenaren aurrean. Gaur, hemen, indarkeria arbuiatzeak eta biktimei elkartasuna adierazteak batzen gaitu".

Alkatearen ondoren hitz egin duen Mikel Iruretagoiena semeak, bere aldetik, aitari idatzi nahi izan dion gutuna irakurri du bertaratuen aurrean. Bertan azaldu du ez duela aitaren oroitzapenik: "25 urte daramatzat zure keinuren bat gogoratu nahian, bian nire buruak ez du ezertxo ere gogoratzen. Ez dakizu zer nolako mina sortzen didan horrek. Azken urteetan jendeak zirekin bizitako istorioak eta anekdotak kontatu dizkit, eta ezinbestekoak izan zaizkit zure oroitzapenari bizirik eusteko".

Aitari idatzitako gutun horretan, amaz ere mintzatu zaio Mikel Iruretagoiena: "Falta zarenetik ama izan da guztiaren kargu. Berak ez du bizitza samurra izan, bi seme atera behar izan ditu aurrera zure hilketari aurre egiten ari zen bitartean. Hala ere, beti atera du indarra oztopo guztiak gainditzeko, tartean, bere gurasoen heriotza eta, bereziki, minbiziaren aurka irabazi dituen bi borrokak". Hori horrela, amari eskerrak emanaz eta aita agurtuz amaitu du irakurketa.

Hitz hartzeen ondoren, ordezkari politiko eta lagunen lore sortak jaso dituzte Jose Ignacio Iruretagoienaren senideek, eta, ekitaldia amaitzean bertaratutako guztiek bana banan eman dizkiete doluminak.