"25 urte daramatzat, baina ez dut zure oroitzapenik, eta ez dakizu zer-nolako mina sortzen didan horrek"

Gorka Eizagirre 2023ko urt. 10a, 13:30

25 urte bete dira ETAk Jose Ignacio Iruretagoiena Zarauzko PPko zinegotzia hil zuenetik. Atzo izan zen urteurren biribilaren eguna, eta hura gogora ekarri eta omentze aldera, ekitaldi hunkigarria egin zuten Zarauzko udalbatzar aretoan.

Goraino bete zen pleno aretoa. Behin gonbidatuei eta familiari harrera egin ostean, Xabier Txurruka alkateak eman zion hasiera ekitaldiari udal alderdi guztiek adostutako adierazpena irakurrita. Ondoren, Mikel Iruretagoiena semeak hartu zuen hitza.

Herritarrez gain, ekitaldian ez ziren falta izan Iruretagoienaren garaiko hainbat zinegotzi, Zarauzko alkate ohi Antonio Alberdi, Maite Etxaniz, Jon Urien eta Juan Luis Illarramendi, Gipuzkoako Foru Aldundiko Giza Eskubideen zuzendari Jon Gambra, Gogora Fundazioko zuzendariā€ˆAintzane Ezenarro, Ekonomia Sustapeneko, Turismoko eta Landa Inguruneko diputatu Imanol Lasa, Ingurumen diputatu Jose Ignacio Asensio, Mugikortasun eta Lurralde Antolaketa diputatu Rafaela Romero eta Gipuzkoako PPko presidente Muriel Larrea, besteak beste.