Urola Kostako GKSk autobusa antolatu du hilaren 28ko manifestaziorako

Jabi Gonzalez Toston 2023ko urt. 11a, 12:00
Urola Kostako GKSk deitutako mobilizazio bat. (Dorleta Agiriano Lai)

3 euroan jarri dute Zarauztik abiatuko den autobuserako txartela. Horrez gain, ikasleei protestaren nondik norakoak azaltzeko aurkezpenak ere egingo ditu Ikasle Abertzaleak sindikatuak institutuetan. Lizardin, bihar jarri dute hitzordua.

Enpresari handien eta agintarien erasoaldiaren aurrean, gazte langileok borrokara! lelopean GKS Gazte Koordinadora Sozialistak urtarrilaren 28rako, larunbata, Bilbon deitu duen mobilizaziorako autobusa antolatu du Urola Kostako GKSk. Iruñean ere deitu dute manifestazioa, baina Zarauztik abiatuko den autobusak Bizkaiko hiriburua izango du helmuga. Bidean, gainera, Getarian eta Zumaian ere egingo dituzte geldialdiak manifestariak jasotzeko.

Hori horrela, koordinadorak dagoeneko jarri ditu salgai autobuserako txartelak aipatutako hainbat puntutan: Zarauzko Orbela taberan eta Zumaiako Txikixa eta Nikol tabernetan eskuratu daitezke hiru eurotan.

Horrez gain, mobilizatzeko beharraren zergatia azaltzeko aurkezpenak ere antolatu dituzte institutuetan. Ikasle Abertzaleak sindikatuak hartu du horretarako ardura eta gaur goizean Zumaiako bi ikastetxeetan izan ondoren, bihar Zarauzko Lizardi institutuan izango dira 10:45ean, lehenengo solairuko elkarguneko gelan.