Plaieroak 2022-2023

Plaieroetako kamiseta lehiaketako irabazlea bihar erabakiko dute antolatzaileek

Jabi Gonzalez Toston 2023ko urt. 12a, 13:35
Plaieroetako kamiseta lehiaketako lau diseinu finalistak. (Zarauzko Playeruak)

Bozketa irekian boto gehien eskuratu dituzten lau diseinuen artean bakarra hautatuko beharko dute eta igandean jakinaraziko dute ebazpena. Diseinu garailearen egileak 150 euroko saria jasoko du.

Azken txanpan sartu da Hondartzako Futbol Txapelketako antolatzaileek abiatutako kamiseta lehiaketa. Herritarrei zabaldu zaien bozketa irekia amaituta, antolatzaileak bihar bilduko dira gehien gustatu diren lau diseinuen artean irabazlea izango dena erabakitzeko.

Antolatzaileek Zarauzko Hitzari zehaztu diotenez, 700 lagunek hartu dute parte botoa emanda, eta lau diseinu finalistak ikusita, diseinu anitzen aldeko apustua egin dute estilo zein elementu desberdinak hautatuta. Guztiek, hori bai, mezu bera daramate idatzita irizpideetan zehaztu zitzaien bezalaxe: Zarauzko Plaieroak. 

Gauzak horrela, diseinu finalistetako batek minimalismoaren alde egin du Futboleko atea bizkarrean daramaten bi lagunen marrazki sinplea eginda eta herriko hondartza identifikatzeko Zarauzko Damaren eta Malekoiko erlojuaren bereizgarriak txertatuta. Bigarren batek, berriz, irudiari forma biribila ematea erabaki du Futboleko baloia itsasertzeko olatuekin elkartuta kirola hondartzarekin lotzeko, gainera, irudian pertsonarik sartu ez duen bakarra izan da. Bada, olatua ardatz hartuta finalera iritsi den beste proposamenik ere, baina bestelako ikuspegia emanda; izan ere, futbolariak jarri ditu olatu aurrealdean. Azkenik, protagonismoa plaieroetako lagun giroari protagonismoa eman dion diseinurik ere izan da, partidak amaituta itsasoari begira ageri diren futbolari, zale, zein antolatzaileak irudikatuta.

Deskribaturiko lau diseinu horien artetik bakarra hautatuko dute antolatzaileek plaieroetako kamisetak egiteko eta hilaren bukaeran jarriko dituzte eskuragarri hamar euroan. Diseinatzaileak, bere aldetik, 150 euroko saria irabaziko du.