Herriko ekonomiaren garapena ari dira ikertzen EHUko ikasle zarauztarrak

Jabi Gonzalez Toston 2023ko urt. 12a, 16:45
Derlaneko moto bat, garai bateko lantegian. (Zarauzko Hitza)

Garai bateko eta gaur egungo Zarauzko enpresen bilakaerak aztertuko dituzte Enpresen Zuzendaritza eta Administrazioa gradua amaitzeko egin behar duten GRALerako.

EHUko Ekonomia eta Enpresa Fakultatean matrikulatuta dauden hainbat ikasle zarauztarrek euren herria hautatu dute Gradu Amaierako Lana egiteko. Nahitaezkoa dute lan hori gainditzea unibertsitateko ikasketak amaitu eta titulua lortu nahi badute, eta Zarautzen izan diren edota dauden enpresen historia izango da aztertuko dutena Igor Etxabe irakaslearen gidaritzapean.

Zarauzko Udalak jakitera eman duenez, sektore ekonomiko guztietako konpainiak aztertuko dituzte, baina industrian arreta berezia jarrita. Udalak zehaztu du, halaber, gordeta duen informazio guztia jarriko duela ikasleen eskura beren ikerketen erabiltzeko aukera izan dezaten, baliagarria bazaie. Hori gutxi balitz bezala, herritarri ere egin die dei Zarauzko enpresen inguruko dokumentazioa udalera helarazi dezaten, baita testigantzak jasotzeko ere.