Bizi osoko lanaren aitortza jasoko dute San Anton egunez Jose Inazio Manterolak eta Bixente Eizagirrek

Onintza Lete Arrieta-Andrea Zipitria 2023ko urt. 13a, 13:00
Eizagirre eta Manterola, nor bere mahastietan.

Getariako Txakolina sor-markak lau pertsonari emango die diploma astearteko ekitaldian, eta zarauztarrak dira horietako bi. Santarba upategikoa da Manterola, eta Talaiberrikoa, berriz, Eizagirre.

Asteartean, San Anton egunez, Getariako Txakolina sor-markak ekitaldia egingo du txakolinaren azken uzta aurkezteko, eta hainbat pertsona eta eragile omenduko ditu. Batetik, Mahasti Jaun berria izendatuko dute ekitaldian: Donostiako Pintxoaren Institutua. Bestetik, beren ibilbidearen aitortza gisa, diploma jasoko dute lau lagunek, tartean bi zarauztarrek: Talai Berri upategiko Bixente Eizagirrek eta Santarba upategiko Jose Inazio Manterolak. Bien adierazpenak jaso ditu Zarauzko Hitzak aitortzaren bezperetan.

Bixente Eizagirre: "Gutaz gogoratu izanak poztu egiten nau"

Bixente Eizagirre Talai Berri upategikoa, bere mahastietan. (Talai Berri)

Talai Berriko Bixente Eizagirrek ere ez du hutsik egingo asteartean duen hitzordurako. Mahasti tartean jaioa da; hala kontatu du berak. Txakolin munduan tradizio handia duen familia bateko semea da, zehazki, "laugarren belaunaldikoa" argitu du. Eskola 14-15 urte ingururekin bukatu zuen, eta orduantxe hasi zen "serio lanean" mahasti inguruan. 21 urte bete berri, Madrilera egin zuen salto, Enologia ikasketak burutzera. Berriz ere etxera "gustura" etorri zen ikasitakoa praktikan jartzeko asmoz. 

Txakolina aspalditik egiten zuten arren, txakolindegirik ez zuten, harik eta Eizagirrek berak 1992an eraiki zuen arte. Aurrez, sor-marka batek eskatzen dituen baldintza guztiak betetzeko lan egin zuten, eta 1989an eskuratu zuen beren txakolinak Getariako Txaolina deitura. 

Ordutik asko dira jaso dituen errekonozimenduak: esku bakarrean ez zaizkio kabitu ere egiten. Tartean dira, esaterako, Zarauzko Udalak herriko Txakolin Egunean emandakoa; txakolin beltza egiten hasi zenean, berrikuntza gisa jaso zuen garaikurra; edota Donostiako Gastronomiako Euskal Anaiarteak txakolinaren munduan egin duen lana goraipatzeko egindako aitorpena. Asteartean, bat gehiago eramango du soinean. "Ilusio handia" egin dio Eizagirreri. "Gutaz gogoratu izanak poztu egin nau, eta eskerrak ematea besterik ez zait geratzen".

Jose Inazio Manterola: "Mahastietan lanean jarduteko inbidiatan gelditu naiz!"

Jose Inazio Manterola, ostegun goizean bere etxe aurreko mahastian. (Onintza Lete Arrieta)


Jose Inazio Manterola zarauztarra, esaterako, 13 urterekin hasi zen beren aitonak zabaldutako Santarba txakolindegian lanean, eta hantxe jarraitu du orain bospasei urte erretiroa hartu zuenera arte. Esan du "beste guztiak bezala" saiatu izan dela beti sor-markaren alde lan egiten, eta orain jasoko duen aitortzak "ilusio handia" egin diola. Zortzi urtez Getariako Txakolina sor-markako lehendakaria izana da, gainera, Manterola. 

Urtero joaten da Getariara San Anton egunez, eta aurten, noski, ez du hutsik egingo, sor-markaren ekitaldian parte hartuko duelako, gainera. 

1950ean zabaldu zuten txakolindegia, eta aitonaren ondotik aitak hartu zuen ardura, eta gero, berak. Ondorengoek ez diote jarraitu, ordea, eta orain alokairuan emanda dauka negozioa. 2022a oso ona izan da klima aldetik, eta penatan gelditu da bertan lan egin ez izanaz. "Mahastia klima lehorrekoa da, eta zentzu horretan, pasa berri den urtea oso ona izan da uztarentzat eta mahastientzat. Mahastietan lanean jarduteko inbidiatan egon naiz!", aitortu du. 

Asteartean aitortza jasoko du, baina ez da familiako aurrenekoa izango diploma jasotzen. "Orain akordatu naiz 1995ean gure aita zenak ere jaso zuela, beste bi lagunekin batera. San Prudentzion egin zen ekitaldi hura", kontatu du. Markoan sartutako argazki bat ere erakutsi du, egun hartakoa.