Gutuna

U28 eta pausoen beharraz

Erredakzioa 2023ko urt. 13a, 10:00
GKSko kide Julen Susperregi, Irene Etxabe eta Martxel Aldai.

Urola Kostako GKSko kide Irene Etxabe zumaiarrak, Martxel Aldai aiarrak eta Julen Susperregi zarauztarrak ondorengo gutuna helarazi dute, urtarrilaren 28an Bilbon antolatu duten manifestazioaren harira.

Telebista piztu. Gomendioak: 900 eurorekin aurreztu ahal izateko estrategiak; etxea gasik gabe bero mantetzeko trikimailuak; ohiko elikagaiak ordezkatzeko alternatibak; AEBetako gazteen artean arrakasta izan duen azken moda, 6 hilabetero lanez aldatzean datzana; egin nesting, coliving, dumpster dive supermerkatuko zaborrontzian, izan doer... Ingelesez esaten digute euskaraz esateko aurpegirik ez dutena: geroz eta pobreago gara.

Datozen hilabeteetan, gasaren prezioak gorantz egingo du. Autoa hartzea, peaje eta gasoil, duela urtebete baino garestiagoa da. Alokairuaren igoerari muga jarri arren, hauen prezioek maximo historikoetan jarraitzen dute. Hipotekek, euriborra dela eta, urteko 3000 euro egin dute gora. Eta soldatak? Lana duten gazteen artean (%30eko langabezia), gutxik dute lanpostu finkorik, soldatak duela 10 urte baino 250 euro inguru baxuagoak dira, askotan 1000 euroko langatik igarotzen ez direnak. Gure bizi kalitatearen gainbehera nabarmena da, eta ez da adinarekin senda daitekeen zerbait.

Badira, ordea, bestelakoak krisi testuinguru honetan: bankuak, energia konpainiak, elikagai enpresak edota bestelako enpresa handiak beren irabaziak handitzen ari dira, bizitzaren garestitzea eta soldaten debaluazioa erabiliz negozioa egiteko. Denok eskutik gainditu behar omen genuen horretan betikoak gara zapalduak. Lepoan ari zaizkigu gerrikoa estutzen. Langileon eta gazte langileon aurkako erasoaldia da bizitzen ari garena.

Ofentsiba ekonomiko honen aurrean, bada bere burua langileon salbatzaile aurkezten duenik ere: agintari eta politikari profesionalek, egoera zail honi irtenbidea aurkitzeko ahal duten guztia egitearen promesarekin datozkigu. Eta, baliteke, baina orduan duten ahalmena non hasi eta non amaitzen den nahiko garbi ikus daiteke. Neurri azalekoez gain -zeinek komunikabideetan dominak jartzeko baino askoz gehiagorako ematen ez duten-, nola egingo diete aurre euren funtzionamendua bera, euren liberatu ejertzituak ordaintzea ahalbidetzen dutenei, euren politikak finantzatzen dituztenei, euren pribilegioak mantentzen dizkietenei? Nola egingo diete aurre enpresari handiei? Dirua jartzen duenak agintzen du hemen, eta azken denbora honetan argi ari gara ikusten. Horregatik igotzen dizkiete soldatak, hauei bai, polizia, epaile eta enparauei, horregatik gastu militarra biderkatzen, edota kode penala erreformatzen sektore ahulenak zigortzeko. Gosea erein eta haserrea jasotzearen beldur, borrak aukeratzen dituzte.

Gu ez gatoz inor salbatzera. Denon eskuetan dago egoeraren gaineko ardura hartzearen erronka. Badakigu manifestazio batek ez duela egoera bere horretan aldatuko. Pauso soil bat da, erasoaldi ekonomiko eta politikoaren irakurketa kritikoa mahaigaineratu, jendearen kontzientzia piztu eta gure eskubideen alde borrokatzeko grina piztera bidean ekarpena egin nahi duena. Pauso bat da, egoerak pausoak eskatzen baititu: mobilizatzea eskatzen du, salaketa guzti hauek mahaigaineratzea, kaleak hartzea. Gu ez gatozelako inor salbatzera, baina, tamalez, beste inor ere ez. Mobilizazioak, borrokak, antolakuntzak ahalbidetuko du hori, eta horregatik aterako gara urtarrilaren 28an Bilboko kaleetara.

Autobuserako tiketak Zarauzko Orbela eta Zumaiako Nikol eta Txikixa tabernetan, edo sare sozialen bidez.

Enpresari eta agintarien erasoaldiaren aurrean, gazte langileok borrokara! U28 Bilbora!