Arboladia egokitzeko lanei ekin die udalak

Aritz Mutiozabal 2023ko urt. 14a, 10:00
Patxi Elola Lorazaintza zinegotzia, arboladiaren mapa-kartelaren ondoan. (Aritz Mutiozabal)

Itulazabal inguruko lurretan eratuko dute zuhaizti berria, eta dagoeneko lehen fasean murgilduta dago. Guztira, 120 espezie baino gehiago landatuko dituzte bertan, eta urte honetan herritarrei zabaltzea espero dute.

Zarauzko Udalak arboladi bat eratzeko lanei ekin die Itulazabal baserriaren ondoko lurretan, Abendañoko udal baratzeen aldamenean. Arboretum izena izango du eta jendeak naturarekin bat egiteko elkargune lasaia izan nahi du, non 120 espezie baino gehiagoko landare, zuhaitz eta zuhaixkak landatuko dituzte 12.500 metro koadroko eremuan. Lorezaintza zinegotzi Patxi Elolak jakitera eman duenez, asmoa ez da bilduma botaniko handi bat egitea, baizik eta herrian zehar ikus daitezken espezieak natur gune berrian jasotzea.

Katalogatuta egongo dira guztiak, ongi zenbakituta eta bere etiketarekin, eta arboladiaren mapan argi eta garbi zehaztuta agertuko dira; aipatu mapa-kartela basoaren hasieran topatuko dute bisitariek. Zuhaitz eta zuhaixka bakoitzak bere QR kodea izango du, gainera, informazio zabalagoa eskuratu nahi dutenek horretarako aukera izan dezaten.

"Jakin-mina badago herritarren artean. Askotan galdetzen ohi dute herriko kaleetan edo auzotan dauden zuhaitzak zer espezietakoak diren, eta, beraz, hemen informazio hori eskura izango dute", aditzera eman du Elolak. "Era berean gain, parkea oso baliagarria izango da herriko eta inguruko ikastetxeetako haurrek euren herrietako zuhaitzen inguruko ezagutza lantzeko".

Local4 paisajismo enpresako Arantza Iriarte biologo bizkaitarrak garatu du arboladiko proiektua. Enpresa honek eskarmentu handia du parke publikoetako eta lorezaintzako proiektuetan; besteak beste, New York, Chicago, Italia eta Bordelen gauzatu dituzte beraien lanak.

Lehen fasean buru-belarri

Irisgarritasuna bermatzen duen bide bat izango du eremuak, eta, orain, hori atontzeko lanak egiten ari dira lehen fase honetan, baita lurren beheraguneak egiten ere. Bigarren fasean, zuhaitz eta zuhaixken landaketa egingo dute, eta urmaelaren biziberritzea. Eta hirugarren fasean, azkenik, egonlekuak prestatuko dituzte; horiek lurraren forma hartuko dute eta gune naturalera integratuta jarriko dituztela nabarmendu du Lorezaintza zinegotziak.

Epeei dagokionez, Elolak argi du arboladia nekez bukatuko dutela agintaldi honetan. Edonola ere, espero du urte honetarako herritarrei zabaldu ahal izatea. Momentuz, lehen fasearekin ari dira buru-belarri; Gabon aurretik hasi ziren lanean, eta otsailaren erdian bukatuko dute. Lehen fase honen kostua 137.000 eurokoa (BEZ barne) izango da.

Aurrera begira. zuhaizti honek "autonomoa eta naturala" izan behar duela ere azpimarratu du zinegotziak: "Lehen urtean ureztatu egin beharko da indarra hartzeko, baina ondoren ez luke izan beharko herriko lorategiek duten bezalako mantenurik, salbuespenak salbuespen".

Arboretum arboladiak Josean Legorburu artista zarauztarrak eginiko logo bat izango du bereizgarri moduan, lehiaketa bidez aukeratu dutena. Era berean, Eraztun Berde-Urdinaren barruan txertatuta egongo litzatekeen herriko natur gune garrantzitsu izatera pasatuko litzateke.