Zarauzko Udalak prest ditu udal energia baliabideen kudeaketa integrala esleitzeko pleguak. Kontratu horren bidez, udal energia kontsumoren %89 suposatzen duten 11 eraikin publikoren eta kale argiteriaren instalakuntzak berrituko dituzte kontsumo hori erdira murriztu asmoz. Horrek inbertsioa ekarriko dio udalari, baina, aldi berean, gastua murriztea ere bai etorkizunera begira, 300.000 eurotik gora aurreztuko dituztela aurreikusi baitute.
Zentzu horretan, Iker Basurko Proiektu Estrategikoen zinegotziak nabarmendu du Zarautz jasangarriagoa lortzeko bidean egin beharreko inbertsioa dela: "Trantsizio energetikoa ez da hilabete gutxi batzuetako kontua; ibilbide luzea da, eta, hasteko, inbertsio handiak egin behar dira aurrezpen garrantzitsuak lortzeko eta energiaren ikuspegitik gizarte jasangarriagoa izateko".
Gauzak horrela, honako eraikin publiko hauetan berrituko dute argiteria: Etxezabalan, Portuetxen, Udaberrin, Musika Eskolan, Sanz Enea kultur etxean, Aritzbatalde kiroldegian, Orokietako bi eraikinetan, Haurtzaindegiko bi eraikinetan eta Asti kirol gunean.
Aipatutako azpiegitura guzti horien kontsumoa 14.380.828,69 kWh-koa da eta Basurkok esan du Zarauzko Udala inguruko energia kontsumitzaile handietakoa dela. Horregatik, udal energia kontsumoa gutxitzeko beharra dagoela nabarmendu du, "zarauztarron onurarako" izango delako. Gainera, zinegotziaren esanetan "CO2 igorpenak gutxitzea ere ekarriko du".
Udalak iaz onartutako 2022-20030 Jasangarritasun Energetikoaren Jarduera Planaren barruko ekintza da argiteria berritzearena, baina gehiago ere badira. Urola Kostako Mankomunitatean herritarrentzako Energia Bulegoa sortzea ere sustatu du, esaterako.