Plaieroak 2022-2023

Ander Epelderen diseinuak irabazi du plaieroetako kamiseta lehiaketa

Jabi Gonzalez Toston 2023ko urt. 15a, 16:45
Plaieroetako kamiseta lehiaketako diseinu irabazlea, Ander Epelderen 'Goizean, goizo, gozatzera!'.

Goizean, goizo, gozatzera! deitu duen proposamen minimalista hautatu dute antolatzaileek finalera iritsi ziren lau eredu bozkatuenen artean. Egileak urtarrilaren 28an, larunbata, jokatuko den 150 euroko saria eta kamiseta ere orduan aurkeztuko dute.

Plaieroek dagoeneko badute kamiseta propiorako diseinua. Ander Epeldek egin du eta hilaren 28tik aurrera izango da eskuragarri 10 euroan. Hala, amaiera eman diote Hondartzako Futbol Txapelketako antolatzaileek joan den abenduaren erdialdean abiatu zuten elastiko lehiaketari.

25 proposamen aurkeztu zituzten orotara, eta bozketa irekian herritarrek lau gustokoenak aukeratu ondoren, antolatzaileek bilera egin zuten ostiralean bozketa itxian diseinu irabazlea erabakitzeko. Bada, gaur jakirazi dute Epelderen lana izango dela plaieroen irudia hondartzatik atera eta herri osoan zabalduko duena, izan ere horixe da lehiaketa honen xedea.

Antolatzaileek zehaztu dute, gainera, ahobatez hautatu dutela Epeldek sortu eta Goizean, goizo, gozatzera!deitu duen diseinua, eta arrazoiak ere azaldu dituzte: "Lehenik, estetikoki proposamenik berritzaile eta originalena izan delako. Bestetik, bere sinpletasunetik asko adierazten duen marrazkia delako, oso esanguratsua plaieroetan jokatzen duen edonorentzat. Azkenik, balorean jartzen duelako plaieroetako partidu bakoitza posible izateko horren beharrezkoa den lana (kasu honetan, porteriak zelaira eramatea)".

Gauzak horrela, lehiaketaren irabazleak urtarrilaren 28a, larunbata, jokatuko den plaieroen hurrengo jardnaldian (zazpigarrena) jasoko du 150 euroko saria. Gainera, kamiseta ere orduan aurkeztuko dute eta eskaera egin duten talde parte hartzaileetako jokalarien artean banatu. Edonola ere, salgai ere jarriko dute herritarren eskura 10 euroan. Zentzu horretan, zehaztu dute partidu egunetan izango dela kamiseta salgai, baina erosketa online egiteko aukera ere izango da plaieroen sare sozialen bidez edo e-postaz, antolakuntza@playeruak.eus helbidean eskaera eginda.