Garagardo Azokako kartel lehiaketarako diseinuak gaurtik aurkeztu daitezke

Jabi Gonzalez Toston 2023ko urt. 16a, 08:30
Iazko Garagardo Azokako irekiera. (Zarauzko Hitza)

Zarautz Rugby taldeak antolatu du eta otsailaren 24an amaituko da proposamenak aurkezteko epea. Azoka berriz, apirilaren 5etik 10era egingo dute Munoan.

Gabonak atzean utzia, herritarrak jarri dira hurrengo oporraldiari begira, aste santuari begira, alegia, eta, ondorioz, baita Garagardo Azokari ere. Apirilaren 5etik 10era izango da aurtengoa eta berau iragartzeko kartel lehiaketaren 21. edizioa jarri du martxan azoka antolatzen duen Zarautz Rugby Taldeak. Gauzak horrela, gaurtik otsailaren 24a aurkeztu daitezke proposamenak Zarauzko kirol elkarteko bulegoan 10:00etatik 14:00etara eta 17:00etatik 19:00etara (Ostiraletan 10:00etatik 14:00etara).

Diseinuek bete beharko dituzten baldintzen xehetasunak ere eman dituzte antolatzaileek, noski. Bada, honakoak dira parte hartzaileek aintzat hartu beharrekoak: Lanaren neurria DIN A3 tamainakoa izango da, formatu digitalean zein paperean aurkeztu beharko da, garagardoa azokarekin izan beharko du zer ikusia diseinuak eta ondorengo leloa eraman beharko du: Zarauzko XXI. Garagardo Azoka 2023. Horrez gain, data, lekua eta ordua ere zehaztu beharko dira kartelean: Apirilaren 5etik apirilaren 10era (Munoan) eguerdiko 12:00etatik gaueko 01:00etara. Halaber, azokan zerbitzatuko diren dauden garagardoen logoak ere itsatsi beharko dira (lotura honetan daude eskuragarri) eta 5 zentimetroko tartea utzi beharko da orriaren behealdean antolakuntzak bere logoak jarri ditzan.

Kartel irabazlea Zarautz Rugby Taldeko zuzendaritzako kideek, Heinekenek aukeratutako kideek eta arte eta diseinuaz adituak diren pertsonek osatuko duten epaimahaiak erabakiko du eta 300 euroko saria jasoko du irabazleak.