Pentsiodunen protestak bost urte bete ditu eta jan-edanean eta abestuz ospatu dute

Jabi Gonzalez Toston 2023ko urt. 16a, 16:00

Euriari zein beroari aurre eginda, 230 astelehenetan egin dituzten protestetan lortutakoa gogoratu dute, eta, aldi berean, hitzeman dute beren aldarrikapen nagusiak eskuratu arte borrokari eutsiko diotela.

Zarauzko pentsiodunek ez dute hutsik egin ohitura bilakatu den hitzorduan, eta euriari aurre eginda, Lege Zaharren enparantzan elkartu dira asteroko protesta egiteko. Egutegian gorriz markatuta zuten gaurko eguna, gainera; izan ere, atzo bete zituen bost urte protestak, eta 230 astelehen horiei esker lortutakoak ospatzeko tartea ere hartu dute.

Gauzak horrela, 1.080 euroko gutxieneko pentsioa edota gizarte segurantza propioa aldarrikatzen dituen pankarta zabaltzearekin batera, azken bost urteetako errepasoa egin dute Inaxio Eizagirrek eta Pili Aranburuk idatzia irakurrita. Zentzu berean, pentsionistek azaldu dute  protestak hasi zituztenetik egindako ibilbidea luze eta zabal biltzen duen aldizkaria ere argitaratu duela Euskal Herriko Pentsiodunen Mugimenduak, eta datorren astean jarriko dutela Zarautzen salgai. Asteleheneko elkarretaratzean izango da eskuragarri bi euroan.

Aldizkariaren atarikotzat hartu daitekeen Eizagirre eta Aranbururen irakurketan, protestak hasi zituztenetik eskuratu dituzten lorpenak ospatu dituzte: "2013ko PPren pentsioen erreforma indargabetzea, Pentsioen Sistema Publikoa guztiz bideragarria dela erakustea, Iraunkortasun Faktorea indargabetzea eta gure pentsioak erdira murriztu nahi zituzten erabakiak hartzea saihestea lortu dugu. Izan ere, aurten egingo duten %8,5eko eguneraketak ez du konponduko galdutakoa, baina egiten ari garen borrokari esker gauzatu da".

Era berean, aipatutako emaitzak eman dituen borroka horri eustearen beharra ere azpimarratu dute: "Mila arrazoi ditugu oraindik borrokan jarraitzeko. Onartezina da langileek, pentsiodunek eta, oro har, herritarrek, fakturetan prezio horiek ordaintzea energia eta finantza-oligopolioen mozkin errekorrak handituz. Onartezina da gero eta pentsiodun gehiagok uko egin behar izatea oinarrizko premiak asetzeari, hala nola, etxe erosoei, osasunerako eskubideari, elikadura osasuntsuari... Horregatik guztiagatik, duela bost urtetik eskatzen ari garen premiazko eta ezinbesteko aldarrikapenak eskatzen jarraituko dugu".

Irakurketaren ondoren, Xabier Amurizak idatzitako Pentsionistak aurrera abestia kantatu dute elkarrekin Lege Zaharren enparantzan bildu diren pentsionistak zein babesa adieraztera gerturatu diren gainerako herritarrek, eta, amaitzeko, jan-edanean aritu dira mahai baten bueltan. Tortilla, txistorra eta gazta eta irasagar pintxoak zeuden aukeran.