Sagardo Eguna berreskuratuko du Zarautzek igandean

Jabi Gonzalez Toston 2023ko urt. 18a, 10:00
2023ko Sagardo Egunaren aurkezpena Merkatu Plazan. (Jabi Gonzalez Toston)

Bederatzi sagardotegitako zukua izango da dastagarri 12:00etatik 14:00etara Lege Zaharren enparantzan. Aurrez, Jose Aristi Xiplo eta Mari Paz Rodrigo omenduko dituzte.

Azken urteetako etenaren ostean Zurekin Zarauzko Ostalarien Elkarteak Sagardo Eguna antolatuko du berriro igandean, hilaren 22a. Gaur astebete ireki zuten sagardo denboraldia eta Zarautzen ere egingo diote ongietorria ohiko dastaketarekin.

Gauzak horrela, hainbat sagardotegik dagoeneko zabaldu dute txotxa. Horien artean da, esaterako, igandean Zarautzen izango den Usurbilgo Urdaira, eta bertako nagusi Patxi Azkonobietaren hitzetan, inoizko irekierarik onena izan dute: "Joan den asteburuan hasi ginen gu, eta orain arte izan dugun lehenengo egun onena izan zen. Jendeak gogo handia du, badirudi mundua amaituko dela iruditzen zaiela; presaz dabiltza".

Izeta sagardotegiak ere hartuko du parte Sagardo Egunean, ateak zabaldu eta bi egunera, hain justu. Izan ere, etzi, San Sebastian egunez, abiatuko dute denboraldia. Zentzu horretan, Gotzon Iruretagoienak esan du hasiera ona aurreikusten dutela eurek ere: "Ostiralean hartuko diogu neurria guk, baina egia da jende askok deitu duela erreserba egiteko dagoeneko, eta itxura ona hartzen diogu".

Edonola ere, biek ala biek, Urdairak zein Izetak, gustura hartu dute Zarauzko hitzordua: "Guretzat garrantzitsuak dira horrelako ekitaldiak, produktua erakusteko aukera ematen digutelako. Gainera, nabari da jendeak festarako gogoa duela, eta primeran aterako dela uste dugu", aitortu du Azkonobietak. Bide beretik, Iruretagoienak esan du eguraldia lagun izanez gero, jende ugari gerturatuko dela: "Urte batzuk badira ekitaldia antolatzeko ohitura hasi zenetik, eta data gerturatu ahala, herritarrei ere pizten zaie festa honetarako gogoa. Azken urteetan, ordea, ezin izan da egin pandemiagatik".

Izetarekin eta Urdairarekin batera, beste zazpi sagardogilek eramango dute euren uzta Lege Zaharren enparantzara 12:00etatik 14:00etara. Gainera, Euskal Parrilak egindako txuleta pintxoak ere dastatzeko aukera izango da. 10 euroko prezioa izango du txotxak eta jatekoak, eta edalontzia itzultzen dutenei bi euro emango zaizkie bueltan; izan ere, berrerabilpena ere sustatu nahi dute.

Egitarau zabala sagardoaz harago

Jan-edanaz gain, beste hainbat ekitaldi ere lotu ditu Zurekinek: hala nola, bertsoak Motxian bertso eskolaren eskutik, eta txistulariak Goizeko Ihintza elkartearekin. Familien Txokoa ere prestatu dute, txikienen gozamenerako.

Halaber, sagardoaren festari hasiera eman aurretik, ohiko omenaldia egiteko tartea ere hartuko dute. Aritza tabernako jabeak izan ziren Jose Aristi Xiplo eta Mari Paz Rodrigo senar-emazteei egingo diete aitortza. Biak dagoeneko zendu direnez, oinordekoek jasoko dute oroigarria.