Familia turismo jasangarriko helmuga gisa aurkeztuko dute Zarautz Fiturren

Aritz Mutiozabal 2023ko urt. 18a, 17:10
Xabier Txurruka alkatea, Esther Facchin Turismo Bulegoko zuzendaria eta Ixidor LarraƱaga Turismo zinegotzia, Fiturren. (Zarauzko Udala)

Madrilgo Nazioarteko Turismo Azokak gaur ireki ditu ateak, eta Xabier Txurruka alkatea, Ixidor Larrañaga Turismo zinegotzia eta Esther Facchin Turismo Bulegoko zuzendaria bertan dira Zarauzko eskaintza aurkezten.

Gaur hasi eta astelehena bitarte, Fitur-Nazioarteko Turismo Azokak munduko helmuga turistiko nagusiak bilduko ditu, Madrilgo IFEMA erakustazokan. Aurten ere Zarautz presente izango da Euskadi-Basque Country gunean, eta Xabier Txurruka alkatea, Ixidor Larrañaga Turismo zinegotzia eta Esther Facchin Turismo Bulegoko zuzendaria bertan dira, familia turismo jasangarriko helmuga gisa duen ahala aurkeztu asmoz.

"Urteak daramatzagu eredu turistiko alternatibo baten alde lanean, publiko familiarrago bat erakarri nahian”, azaldu du alkateak. “Turismo Bulegoak Turismo Etikoaren eta Familia Turismoaren zigiluak jaso ditu azken urteotan, Zarauzko Udalak eta zerbitzuen sektoreak ildo horretan egindako lana aitortuz”.

Estrategia hori Zarautz 2030 Plan Estrategikoaren ekintzen barruan kokatzen da. Plan horrek turismo-eredu jasangarri baterantz bideratzen ditu Turismo Bulegoaren ahaleginak; hau da, hiriko ondare eta kultura elementu nagusiak indartuko ditua, baita euskara erreferentziazko identitate elementu gisa balioetsi ere.