"Egoera larria" bizi dute Andrea Zalduak eta Izei Permachek Zuazon

Jabi Gonzalez Toston 2023ko urt. 19a, 10:30
2022-2023 denboraldiko Zuazo eskubaloi taldearen jokalari eta entrenatzaile taldea. (Zuazo)

Emakumezkoen lehen mailako eskubaloi taldeko jokalariek eta talde teknikoak oharra plazaratu dute aste honetan berehalako konponbidea eskatzeko. Bertan diotenez, azken bi denboraldietako soldatak zor dizkie klubak.

Barakaldoko Zuazo eskubaloi taldeko jokalariek eta talde teknikoak salatu dute "egoera larria" bizi dutela eta taldeak "azken bi denboraldietako soldatak zor" dizkiela. Astelehenean sareetan zabaldu zuten ohar baten bidez eman zuten jada "muturrekoa" izatera iritsi den egoeraren berri, eta "berehalakoa eta taxuzkoa den irtenbidea" eskatu dute.

Emakumezkoen ohorezko mailako taldea da Zuazo, hamabi talde ditu ligak eta hamargarrena da sailkapenean. Bi dira bertan aritzen diren Zarauzko jokalariak: Andrea Zaldua eta Izei Permach. Azkena joan den denboraldian iritsi zen taldera, Zalduak, aldiz, aurten du lehenengoa eta, nahiz eta jakin bazekien taldea ez zegoela ekonomikoki onenean, ez zuen espero arazoak hasieratik izango zituenik: "Banekien posible zela soldaten ordainketak atzeratzea,  zeren iazko jokalariei hitz eginda bizpahiru hilabeteetako soldatak zor zizkieten, baina ez nuen uste egoera halakoa izango zenik".

Oharrean diote, gainera, "egoera are larriagoa" dela etxetik kanpo bizi diren jokalarientzat: "maiz familiako kideei eta gainerako jokalariei dirua eskatu behar izaten diegu, edota bizimodua bera ere egokitu oinarrizko beharrei aurre egin ahal izateko". Zentzu horretan, Zalduak dio berak ez duela dirurik eskatu beharrik izan aurrez "koltxoia eginda" zuelako. Dena den, salatu du "tamalgarria" dela bizi dutena: "Lehen mailako jokalariak garen arren, soldata txikiak ditugu kapritxo txikiak erosteko ematen dutenak, baina sinatutako hori ere ordaintzen ez badigute bizirauteko ere ez du ematen. Niri ez zait tokatu, baina taldekide batzuek eskatu behar izan diete dirua ingurukoei".

Edonola ere, jokalariek argi utzi dute klubarekin duten konpromisoa erabatekoa dela eta orain arte bezala entrenatzen  jarraituko dutela ezinezkoa zaien arte. "Momentu horretatik urrera, neurri zorrotzak hartu beharko ditugu" azpimarratu dute oharrean.