Itsas hondakinak ikertzeko Herritarren Zientzia ariketa egingo dute igandean

Hondartza garbiketa. (Zarauzko Hitza)

Herritar guztiei zabaldutako jarduera da eta hondartzan egingo dute, skate parkean elkartuta. Zabor bilketarekin abiatuko dute saioa, 09:30ean.

Itsas hondakinak eta mikroplastikoak ikertuko dituzte asteburu honetan hondartzan; hasiera batean azaroaren erdian egitekoak ziren, baina eguraldi txarragatik bertan behera utzi zuten. Ikasturte hasieratik herriko ikastetxe guztietako 700 ikasle baino gehiagorekin ari dira ariketa hori egiten MATER Museo Ekoaktiboko hezitzaileen laguntzarekin, eta igandean herritar guztiei zabalduko diete Herritarren Zientzia egiteko aukera.

Zientzia ariketan parte hartu nahi dutenek skate parkera agertu beharko dute 09:30ean, baina  aurrez izena eman beharko dute plazak mugatuak direlako.  Horretarako, 943-00 51 59 telefono zenbakira deitu daiteke edo zarautz@eraztunberdeurdina.eus posta elektronikora idatzi.

Jardunaldiak hiru zati izango ditu: lehenik eta behin, itsas-hondakinen bilketa egingo dute 09:30; ondoren, jasotako mikroplastikoak aztertuko dituzte 11:00etan; eta, amaitzeko, itsas erraldoien martxa egingo dute 13:00etan.