Atzerrira bidaiak eta bisita gidatua antolatu ditu Udaberri elkarteak

Aritz Mutiozabal 2023ko urt. 21a, 14:00
Udaberri jubilatuen elkartean solasaldia. (Amaia Urbieta Arruti)

Informatikan trebatzeko ikastaroak eskainiko ditu otsailaren 2tik aurrera.

Udaberri jubilatuen elkarteak martxa onean ekin dio urteari, eta hainbat gauza ditu dagoeneko esku artean. Alde batetik, atzerrira iraupen luzeko bidaiak egiteko aukera eskainiko du. Joan den astean El Corte Inglesek elkarteko bazkideentzat hiru bidaia proposamena aurkeztu zien: Egipto, Greziako uharteetatik itsas-bidaia eta Portugal. Informazio zabalagoa Udaberriko webgunean aurki daiteke, baita El Corte Ingles bidaia-agentziaren bulegoan ere. Beste bidaia batzuk ere prestatzen ari dira Espainian barna, baina horien berri aurrerago emango dute.

Bestalde, jubilatuen elkarteko Kulturaz taldeak Zarautz ezagutzeko bisita gidatua prestatu du urtarrilaren 26rako. Jarduera doakoa da eta Udaberriko bazkideentzat da. Edonola ere, izena eman behar da, plazak mugatuak direlako. Horretarako, elkartearen bulegora jo behar da urtarrilaren 23, 24 eta 25ean.

Informatikako ikastaroak

Hilaren erdian hainbat ikastarori hasiera eman zioten Udaberrin, eta orain, informatika ikastaroei helduko diete. Caixa Fundazioak eta Andoaingo Udalak antolatuta, otsailaren 2tik aurrera Zarauzko jubilatu eta pentsiodunei zuzendutako hainbat ikastaro emango dituzte. Hauek izango dira eskainiko dituztenak: Informatikan hastea, Whatsappa, Egin izapideak Internet bidez, Komunikatu sarean.

Informazioa jasotzeko edota izena emateko, Udaberri eraikineko Zibergelako ikasgelara hurbildu behar da urtarrilaren 23, 24, 25, 26, 27, 30 eta 31n, 10:30etatik 12:30etara. Ikastaro hauek doakoak dira.