Giro bikaina izan da gaur eguerdian Urtetako herri-kirol jaialdian

Hamaiketakoaren ondoren, Izetaren Eskolako harri-jasotzaileek eta aizkolariek erakustaldia egin dute; horrez gain, auzotarren arteko erronka ere izan da, ezkonduak eta ezkongabeak elkarren aurka aritu dira sokatiran.

San Sebastiak jaiak ospatu dituzte asteburuan Urteta auzoan, eta festa giroa izan da nagusi. Atzo, jendetza bildu zen mus txapelketan, eta gaur, eguerdian, hotzari aurre eginda, auzoko pilotalekuan goraino bete da Izetaren Eskolako harri-jasotzaile eta aizkolarien lana eta auzotarren arteko desafioa ikusteko; ezkonduak eta ezkongabeak elkarren aurka aritu dira sokatiran.

Aurretik, hamaiketakoa ere egin dute auzoko elkartean, eta salda beroa eta haragi eta txorizo egosia jateko aukera izan dute bertaratu direnek.

Mutil Ardoko kideek gazta bat eta otar eder bat zozkatu dituzte herri-kirol jaialdian zehar. Gaztaren zenbaki irabazlea agertu da, baina otarrak ez du jaberik oraindik. Hala, 2.809 zenbakia duen laguna Urtetako Mutil Ardoko kideek harremanetan jartzeko eskatu dute.

Argazkiak: Aiora Larrañaga Solaberrieta eta Urtetako Mutil Ardo