Hainbat berrikuntza ezarri dituzte Aritzbatalde kiroldegian

Jabi Gonzalez Toston 2023ko urt. 24a, 09:00
Jon Amiama, BPXport zerbitzu Koordinatzailea, eta Leire Arana, Zarauzko Udaleko Kirol zinegotzia, 'Trainingym' aplikazioa erakusten. (Zarauzko Udala)

Bazkideek makina, zerbitzu zein aplikazio berriak estreinatzeko aukera izan dute urtarrilean.

Zarauzko Udaleko Kirol departamentuak hainbat berrikuntza egin ditu Aritzbatalde kiroldegian erabiltzaileek zerbitzu hobea izan dezaten. Zehazki, hamahiru makina berri jarri ditu Fintness aretoan, Spinning gelako ordutegia zabaltzeko zerbitzu birtuala jarri du martxan, baita entrenamendu pertsonalizatuak diseinatzen laguntzeko Trainingym aplikazioa ere.

Gauzak horrela, honako hauek dira Aritzbataleko Finess aretoan erabligarri dauden makina berriak: Power Racka, Smith Machine-a, Bularreko press makina, Hip Thrust-a, bikiak lantzekoa, sorbalda lantzeko arraun makina, lunbarra edo gerrialdea eta iskiotibialak etzanda lantzeko makina eta korrika egiteko zinta eta Eliptika. Makina horien guzti instalakuntza egiteko 35.558,38 euroko inbertsioa egin du udalak.

Leire Arana Kirol zinegotzik azaldu duenez, hainbat kiroldegi bisitatu dituzte, BPXport enpresa zerbitzu emailearen aholkularitza izan dute eta kiroldegiko erabiltzaileen ekarpenak ere aintzat hartu dituzte. "Udalak lanketa bat egin du aretoa hornitzeko ekipamendu egokiena aukeratzeko. Makinak helburu eta maila anitzetara egokitzen dira, gure erabiltzaileen profilak ere anitzak direlako eta guztien beharretara egokitzea delako gure xedea", azaldu du zinegotziak.

Esan bezala, Spinning zerbitzu birtuala ere badu orain Aritzbataldek, atzo jarri zuten martxan eta spinning saio arrunt bateko monitoreak eman ohi dituen jarraibideak jasotzen dituzte erabiltzaileek, baina pantailatik. "Helburua da spinning aretoaren erabilera handitzea eta ahalik eta ordutegi zabalena eskaintzea", argitu du Aranak. Zerbitzua doakoa izango da eta interesdunek aski izango dute bigarren solairuko bizikleta aretora joatearekin horretarako finkatu diren ordutegietan (ikusi ordutegiak hemen).

Erabiltzaileei egokitutako aplikazioa

Trainingym aplikazioak, berriz, "bakoitzaren helburu, behar eta baldintza fisikoei egokitutako ariketa errutina jasotzeko aukera emango die erabiltzaileei", Kirol zinegotziak zehaztu duenez. Horretarako, kiroldegiko fitness monitoreekin hitzordua hartu ahal izango dute bazkideek aplikazioaren bitartez. Horrez gain, kiroldegiko ikastaro eskaintza guztia ikusteko, asteburuetako dinamizazio saioetan izena emateko, norberak bere entrenamendua sortzeko edota kiroldegiko Agenda kontsultatzeko aukera ere eskaintzen du aplikazioak.

Aplikazioarekin sor daitezkeen zalantza edo arazoak argitzen laguntzeko arreta zerbitzua eskainiko dute kiroldegian eta ikastaroak ere antolatuko dituzte aurrerago. Hauek dira arreta orduak: 17:00etatik 19:00etara astelehenetan, 10:00etatik 12:00etara astearteetan, 18:00etatik 20:00etara asteazkenetan eta 16:00etatik 18:00etara ostegunetan.