Terrazen ordenantzaren 15. puntuari ekarpenak egiteko aukera dute herritarrek

Jabi Gonzalez Toston 2023ko urt. 24a, 11:15
Aritzbatalde inguruko terraza bat. (Zarauzko Hitza)

Aldaketa testuak hasierako onespena jaso zuen abenduko udalbatzarrean, eta orain herritarren eskura jarri dute martxoaren 6ra arte.

Udalak Bide publikoa terraza eta mahaiekin okupatu eta erabiltzeko udal ordenantzaren 15. puntuaren aldaketa testua jendaurrean jarri du, eta orain ekarpenak egiteko tartea ireki dute. Interesa duen edonork horretarako aukera izango du, martxoaren 6a bitartean, HAZ Herritarren Arreta Zerbitzuan (Kale Nagusia, 29) edo zarautz.eus udal web orriaren bidez.

Azaroko bilkuran behin betiko onespena jaso zuen dokumentuaren artikulu baten aldaketa da honakoa. Hain justu ere, Barren Plaza eta Patxiku kaleari ematen zitzaion izaera bereziaren baitan ezartzen ziren ordutegiak, herrian zehar egingo diren hots-kutsaduraren azterketen bitartez, kanpoko espazioko kalitate akustikoko helburuak betetzen ez dituzten esparruetara mugatzea. Hala, mugaturiko ordutegi gune horiek urtero egingo diren hots-kutsadura azterketen barruan ezarriko lirateke.

Aldaketa horri hasierako onespena eman zitzaion abenduko udalbatzarrean EH Bilduren aldeko botoekin, EAJren abstentzioarekin eta PSE-EEren kontrako botoekin.