Txadeko haurren desnutrizioari aurre egiteko dirulaguntza eman dio udalak Unicefi

Nati Campillo Unicefeko kidea eta Patxi Elola zinegotzia. (Jabi Gonzalez Toston)

10.000 euro jasoko ditu Gobernuz Kanpoko Erakundeak eta formakuntza eta elikagai terapeutikoak Txaden bertan ekoiztea sustatzeko proiektuetara bideratuko dituzte.

Zarauzko Udaleko Lankidetza sailak jakitera eman duenez, 10.000 euroko dirulaguntza emango dio Unicefi Txad herrialdeko (erdialdeko Afrikako estatua) haurren desnutrizioari aurre egiten jarrai dezan. Jakina denez, ziurgabetasun egoeran diren haurrak babestea helburu duen Gobernuz Kanpoko Erakundea da Unicef, eta garatu duen zerrendaren arabera, bizitzeko munduko hirugarren herrialde okerrena da Txad.

Hori horrela, Nati Campillo Unicefen Euskal Herriko Batzordeko Lankidetza eta Larrialdien arduradunak azaldu du bi direla Txaden aurrera eramaten ari diren jarduera nagusiak: "Batetik, amei formakuntza eskaintzen ari gara jakin dezaten zenbateraino den larria haien seme-alaben egoera. Horretarako, desnutrizio maila zehazteko neurgailuak erabiltzen ditugu eta horiek nola erabili erakusten diegu. Bestetik, desnutrizio egoera horretan diren haurrentzako elikagai terapeutikoak sustatzen ditugu. Gainera, elikagai terapeutiko horiek Txaden bertan sortzeko ahalegin berezia egiten ari gara, oso garrantzitsua baita besteen menpe ez egotea".

Patxi Elola Zarauzko Udaleko Lankidetza zinegotziak, bere aldetik, egiten duen lan hori guztia eskertu dio Unicefi eta diru laguntza beraiei ematea zergatik erabaki duten azaldu du, aldi berean: "Ahulak direnak ahulago irteten dira larrialdi egoeretatik, eta halakoetan gehien sufritzen dutenak umeak izan ohi dira. Horregatik, Unicefek aurkeztu digun proiektua egokia iruditu zaigu. Horrez gain, esperientzia gehiago ere izan ditugu Unicefekin eta badakigu beraien bidez bideratu ditugun diru laguntzak ondo landu dituztela".