Marina Agouesek ez du ahaztuko 2018ko abuztuaren 1a. Ilusioz gainezka zegoen. Eibarrek fitxatu berri zuen, eta lehen entrenamendua zuen. "Kanpora zihoan baloi baten bila joan nintzen dena emanda. Krak bat sentitu eta entzun nuen belaunean. Berehala konturatu nintzen zerbait larria zela". Negarrez hasi zen. "Ez minagatik, baizik eta banekielako zerbait larria zela. Ezin nuen sinetsi niri gertatu zitzaidanik. Lehen une hartan beldurra sentitu nuen".
Lesioa izan eta hilabetera egin zioten ebakuntza. "Orduan konturatu ziren uste baino lesio larriagoa nuela. Ebakuntzak 3-4 ordu iraun zuen; errotulako tendoia eta meniskoa ere ukituta neuzkan". Baina gogotsu ekin zion osatze prozesuari. "Itzultzea besterik ez nuen buruan".
Orduan hasi zen amesgaiztoa. "Bakarrik entrenatzen nintzen. Soilik prestatzaile fisikoarekin egoten nintzen, eta hori gogorra da. Iritsi berritan lesionatzeak ere presio moduko bat eragiten dizu". Lehen egunetik gauzak ez ziren ondo joan: "Mina neukan. Baina esaten zidaten buruko kontua zela, ez nuela lesioa barneratzen". Agouesek argi zuen ez zela horrela. "Pilulak hartu behar izaten nituen minerako. Gainera, ikusten nuen nire paretsu lesio bera izan zuten jokalariak bueltatu egiten zirela, eta hori beste kolpe bat zen. Ni ez nintzen ezta zelaira atera".
Makina bat medikurekin egon ziren, baina ez zuten konponbidea topatzen. Hala, berriro ebakuntza egin zioten. "Belauna garbitu zidaten". Baina handik lau hilabetera berdin segitzen zuen: "Ezin nuen ezta belauna mugitu ere. Hasieran bezala nengoen". Hori dena ikusita, animoz ere gero eta okerrago zegoen: "Nik buruan nuen 30 urte inguru bete arte jokatzea, eta 25 baino ez nituen. Dena zapuztu zitzaidan".
Bera hain gaizki ikusita, gurasoak tartean sartu ziren. Mikel Sanchez medikuarengana eraman zuten. «Hark garbi esan zidan bere helburua izango zela ni minik gabe ibiltzea. Baina ahazteko futbolaz, belaunak asko sufritu zuelako. Kolpea izan zen». Sanchezek pare bat ebakuntza egin zizkion. «Asko zaindu ninduen. Prozesu honetan, denera, hamar bat aldiz egin didate ebakuntza, bestelako arazo batzuk ere izan nituelako». Agouesek helburu bat izan du ordutik: kirola egitea. «Pixkanaka ari naiz zertxobait egiten, oso burugogorra bainaiz».
Dena den, mina ez zaio joan. "Minez bizitzen ikasi dut". Duela aste batzuk jaso zuen lanerako ezintasuna: "Negar egin nuen jaso nuenean, sufrimendua handia izan baitzen". Realean egon izan balitz, uste du jokatzen jarraituko zuela. "Han ondo ezagutzen nituen, eta beste baliabide batzuk zeuden".
Fisikoki ez ezik, psikologikoki ere gogorrak izan dira urte hauek Agouesentzat. "Oraindik ere psikologoarekin lanean jarraitzen dut. Azken batean, futbolaria nintzen, eta nire egunerokoaren parte garrantzitsuena kendu zidaten. Hasieran, ez nuen onartzen gertatzen zitzaidana; gero, ez nuen futbolaz ezer jakin nahi. Kostata itzuli naiz Zubietara partidak ikustera". Behin hori gaindituta, beste momentu batean dago orain. "Lantzen ari garena gehiago da erretiroa hartu ostean jokalari batek lantzen duena".