Plaieroak 2022-2023

Eskertuta agertu dira plaieroetako antolatzaileak 350 kamisetatik gora salduta

Jabi Gonzalez Toston 2023ko urt. 26a, 09:00
Plaieroetako kamiseta lehiaketako diseinu irabazlea, Ander Epelderen 'Goizean, goizo, gozatzera!'.

Zortzigarren jardunaldiko partidei ekin aurretik egingo dute aurkezpena eta Ander Epelde diseinatzaileak 150 euroko saria jasoko du. Ondoren, eskaera egin duten jokalarien artean banatuko dituzte.

Ander Epeldek irabazi duen plaieroetako kamiseta lehiaketaren emaitza larunbatean aurkeztuko dute. Antolatzaileek 13:30ean jarri dute hitzordua futboleko ateak gordetzen dituzten lokalean eta diseinatzaileak ere orduan jasoko du 150 euroko saria.

Edonola ere, asko izan dira irudia kamiseta gainean nola geratuko den ezagutu gabe aurreratu direnak eta dagoeneko erosi dutenak: "350 kamiseta baino gehiago saldu dira. Beraz, mila esker guztioi!", zehaztu dute antolatzaileek. Hondartzako Futbol Txapelketako talde parte hartzaileen artean egin dituzte orain arteko salmenta gehienak eta larunbatean bertan jasoko dituzte elastikoak 14:30ean hasiko den zortzigarren jardunaldiaren aurretik.

Horren harira, hainbat argibide eman dituzte antolatzaileek: "Talde bakoitzeko pertsona batek jasoko ditu kamiseta guztiak (poltsa baten emango dizkizuegu) eta batera ordainduko dituzte poltsa jasotzeko unean, eskudirutan". Bestalde, jakinarazi dute kamisetaren tailarekin arazorik duenik bada, aldatzeko aukera izango duela partidak amaitu ondoren. Hori bai, "pazientzia" izan beharko duela aurreratu dute.

Halaber, antolatzaileek eskaera ere egin diete elastikoen erosleei: "Arratsaldean egongo den elektrotxarangara ahalik eta jende gehienak kamiseta berria eramatea eskatu nahi genuke, herrian ezagutzera emateko". Elektropottotte taldea izango da 18:00etatik aurrera kaleak girotuko dituena Musika plazan, Frontoi Txikin eta Udaletxe aurrean geldialdiak eginda. Saioa iluntzeko 20:30 aldera amaitzea aurreikusten dute.