Nork ez du imajinatu ametsetako mundu batean edo bigarren bizitza batean bizitzea? Bada, orain amets horiek guztiak errealitate bihurtu ahal izango dira. Nola? Metabertsoaren bidez. Mundu digitalak espazio eta dimentsio berriak ekarri ditu berarekin. Horren ondorio da metabertsoa. Azkenaldian, eta, interneten batez ere, askotan entzuten ari den hitza da, baina zer da zehazki? Unibertso berri horren inguruan xehetasunak emateko helburuarekin hitzaldia antolatu zuen asteartean, ZarautzOn elkarteak. Pedro Lozano gonbidatu zuten, Imasconoren sortzaileetako bat ; errealitate hedatuan eta metabertsoan espezializatutako teknologia sortzaileen azterketaz arduratzen da enpresa eta aditua da gai horretan.
Urola Kostako Udal Elkartean jarri zuten hitzordua goizean. Harrera bikaina izan zuen hitzaldiak, eta perfil anitzeko 40 lagun inguru bildu ziren metabertsoa osatzen duen ekosistema digitalaren inguruan jarduteko asmoz. Urola Kostako Hitza ere bertan izan zen, etorkizunean iritsiko diren teknologiak ezagutzeko helburuarekin. Arratsaldean, Modelon eskaini zuen hitzaldia.
Hurrengo belaunaldia
Lozanok azaldu zuenez, metabertsoa, «eremu birtual bat da» eta ahalbidetuko du «jendea birtualki komunikatzea eremu digital batean». Interneten «hurrengo belaunaldia» izango dela uste du, eta horren bidez «hiru dimentsioko esperientziaz gozatzeko aukera» izango dutela herritarrek gailu batzuei esker, «hala nola, errealitate birtualeko betaurreko areagotuak».
Beste modu batera esateko, «teleportatu» egingo dira herritarrak. Mundu errealaren «alegoria izango litzateke, baina muga fisikorik gabe». Bertan, pertsona bakoitzak abatarrak sortzeko aukera edukiko du, eta gizakiak horien bitartez «sozialki eta ekonomikoki komunikatuko dira». Gainera, errealitateko munduaz harago, abatarrak bakoitzaren gustura sortzeko aukera izango da. Hau da, norberaren itxura aldatzeko aukera eskainiko du metabertsoak.
Zientzia fikzioa dirudi, eta oraindik hori garatzeko «plataforma handi baten beharra» badago ere, «etorkizun hurbil batean errealitate» bilakatuko dela aitortu zuen Lozanok.
Jada enpresa eta erakunde asko, esaterako, horren aldeko apustua egiten hasiak dira, eta horietako batzuk aipatu zituzten hitzaldian: «Zaragozako Udalak, pandemia garaian, etxetik atera ezin zenez, Pilar jaietan urtero egin ohi den lore eskaintza, birtualki egin zuen. Hala, herritarrek abatar bat aukeratu eta Pilar plazara joateko aukera izan zuten, baita beraien gustuko lore sorta aukeratzeko ere».
Rafa Nadal Academyk ere erabili du aipatutako teknologia. Rafa Nadalen 3D abatar birtualaren bitartez, bisitariek Manacorren (Balear Uharteak, Herrialde Katalanak) kokatutako akademia instalazioak ezagutu eta bisitatzeko aukera dute.
Errealitate honen aurrean, ordea, asko dira herritarren kezkak, eta horiek plazaratu zituzten hitzaldian. Askoren ustez metabertsoa «oso une delikatuan» iritsi da. «Gazteen artean pantailen erabilerak gora egin du. Zer gertatuko da mundu birtual bat sortzen bada eta dena gure gustura diseinatzeko aukera eskaintzen bada?».