Iaz baino bost milioi euro gehiagoko aurrekontua izango du UKUEk

Juan Luis Romatet - Aritz Mutiozabal 2023ko urt. 26a, 17:00
UKUE egoitza Urola Kostako Udal Elkartea. (Hitza)

EAJ, PSE-EE eta Podemos Equo-Berdeak taldeek aldeko botora eman zuten eta EH Bildu abstenitu egin zen bozketa. Guztira, 14,6 milioi euroko aurrekontua izango du udal elkarteak 2023rako.

Urola Kostako Udal Elkarteak 14.625.448,57 euroko aurrekontua izango du Urola Kostako Udal Elkarteak agintaldiko azken urte honetan. Proposamena EAJ, PSE-EE eta  Podemos Equo Berdeaken aldeko botoak jaso zituen; EH Bildu, aldiz, abstenitu egin zen.  

Iazko kontuekin alderatuta (9.468.137 euroko aurrekontua izan zuen 2022an) igoera nabarmena izango du udal elkartearen 2023ko aurrekontuak; 5 milioi gehiago, alegia. Hazkundea, "diru sarreretan eta inbertsioen atalean" ematen dela adierazi du UKUEk prentsa ohar baten bidez. "Gastuek, aldiz, gora egingo dute, bereziki pertsonal gastuei, hornidura gastuei eta zerbitzuen eta kontratuen kostuei dagokienean", zehaztu dute.

UKUEko presidente Lourdes Salsamendiren arabera, kontu hauek Aia, Getaria, Orio, Zarautz eta Zumaiako herritarrak «babestu eta eskualdearen garapen integrala dute helburu». Bere hitzetan, aurrekontu "ausartak" dira, "baina ziurgabetasun handiko une bati erantzuteko landu ditugu, zuhurtzia osoz". Salsamendiren arabera, "pandemia, Errusiak bultzatutako Ukrainaren inbasioa, inflazioak… eskualde moduan zuzenki eragiten digute maila orotan, eta aurrekontu honek egoera horien aurrean babesteko neurriak jasotzen ditu".

Erakundeko presidenteak aipatu oharrean azpimarratu duenez, dagoeneko martxan dauden proiektu batzuei jarraipena eman nahi die udal elkarteak onartu berri den aurrekontuarekin, baita beste batzuei hasiera eman ere, "Urola Kosta garatzen jarraitzeko gure eskumenekoak diren esparru batzuetan". 

UKUEk urte honetan sustatu nahi dituen proiektuen artean, Mankomunitateko Coworking eta Open Lab guneak daude. Hauen sorrera urte honetan zehar gauzatuko dela azaldu du eskualdeko erakundeak. "Coworking espazioan, eskualdeko ekintzaileak beren proiektuak sortzen hasi ahal izango dute, betiere Urola Kostao Udal Elkartearen zerbitzu teknikoen, eta dinamizazio-enpresaren laguntzarekin. Bestalde, Open Lab gune ikertzaile berria enpresentzat eta, oro har, herritarrentzat gain, eskualdeko ikastetxeentzat ere izango da".


Energiaren inguruko dudak

Energia bulegoa ere abian jartzeko asmoa erakutsi du UKUEk urte honetarako. Gipuzkoako Mahai Energetikoan parte hartu ahal izateko aldundiarekin sinatutako hitzarmenaren emaitzetako bat bezala jo du mankomunitateak proiektu hau. Oharrean jasotzen denez, energia-zalantzak argitzeko aukerak  izango dituzte eskualdeko bizilagunek bulego honen bidez, "besteak beste, fakturak ulertzeko eta energia aurrezteko aholkuak, kontratazioa, efizientzia-neurriak, energia berriztagarrien aukerak, dirulaguntzak eta abar kontsultatu ahal izateko". 
Aholkularitza pertsonalizatua eta prestakuntza saioak eskainiko direla ere iragarri du udal elkarteak, "herritarrak ahalduntzeko asmoz".  Horrez gain, "eskualdeko udalerriek energia berriztagarriei, etxebizitzen birgaitze energetikoari eta energiari buruz dituzten datuei buruzko informazioa jaso ahal izango dute", nabarmendu du erakundeak.

Hondakin bilketa optimizatzen jarraitzeko helburua ere aipatu du Salsamendik. «"Kontratuaren lizitazio berri bat jarriko da abian 2023 hasieran ahalik eta zerbitzurik onena emateko eta birziklapen datuetan gora egiteko, eskualde jasangarriago bat bultzatuz", adierazi du. "Azken helburua birziklatzeari, erabilerei eta zaborraren kudeaketari dagokienez helburu onenak lortzea da. Adibidez, une honetan elikagaiak alferrik galtzeko kanpainan ari gara lanean. Horrelako programak oso garrantzitsuak dira guztiz zuzenak ez diren eguneroko erabilerak aldatzeko", gaineratu du presidenteak.

Hurrengo pausoak edukiontzien irisgarritasunerako aukerak aztertzea izango  dela ere aditzera eman du erakundeko buruak, "zein edukiontzi mota ezartzen joan ahal izateko eta denon irisgarritasuna bermatu ahal izateko". 


Alderdien ikuspegia

Aurrekontuen negoziaketa "eskasa" izan dela nabarmendu du Urola Kostako EH Bilduko ordezkari eta Zumaiako alkate Iñaki Ostolazak: "Gure ustez, ez dira behar bezala landu aurrekontuak". Bere hitzetan, sustapen ekonomikoaren arloan egin duten proposamena ez da aintzat hartu, "agintaldi osoko dinamikari eutsiz".

Hala eta guztiz ere, "agintaldi osoan, EH Bilduk izan duen jarrera propositiboa eta positiboa mantendu nahian, ez dugu aurrekontua oztopatu nahi izan eta saiatu gara elkarlanerako ateak irekita mantentzen". Hori guztia kontuan izanda, abstenitu egin ziren koalizio abertzalea.

PSE-EE eta Podemos Equo Berdeak alderdiek, berriz, aurrekontuen alde bozkatu zuten. PSE-EEko ordezkari Gloria Vazquezek adierazi du "UKUEk bere kudeaketarako beharrezkoak diren partidak" daudela sartuta bertan. Horrekin batera, gaineratu du aurten Coworking proiektua garatzeko partida berezi bat bideratuko dutela. "Helburua da ekintzaileei beraien enpresa sortzen laguntzea, lehentasuna emanez emakumezkoei, hain zuzen ere, langabezia tasa handiagoa pairatzen dutelako", zehaztu du Vazquezek. 

Proiektua sozialistek proposatu zuten garatzea, PSE-EEko ordezkariaren esanetan, eta UKUErekin elkarlanean ari dira orain. "Aurrekontu hauetan partida bat dago obra  egin ahal izateko, baita ekipamendurako ere. Aurrerago dinamizazioa ere kontratatu beharko da. Hau izan da guretzat arrazoi nagusia aurrekontuak onartzeko". 

Podemos Equo Berdeak taldeak begi onez baloratu ditu aurrekontuetan planteatu diren inbertsioak eta txertatu diren laguntza. Halaber, "aurrekontu hauek ez dute baldintzatzen udal hauteskundeen ondoren egon daiteken zuzendaritza aldaketak egin nahiko lituzkeen lanak", gaineratu du Oihane Delgadok. Bestalde, UKUEko lehendakari Lourdes Salsamendiren jarrera azpimarratu du, "informatzeko eta gure taldearekin lan egiteko orduan".  Izan ere, "egoera hau ez zen eman aurreko agintaldian".