Otsailaren 1ean abiatuko dute Cimasub Zarauzko Itsaspeko Zinemaren Nazioarteko Zikloa

Gorka Eizagirre - Aritz Mutiozabal 2023ko urt. 29a, 13:00

Datozen hiru asteazkenetan munduko itsaso eta ozeanoetako egoeraren erakusgarri diren hainbat film labur eta  dokumental emango dituzte Modelo aretoan. Era berean, argazki erakusketa zabalduko dute Merkatu Plazan.

Cimasub Nazioarteko Itsaspeko Zinema Zikloa bueltan da, eta aurten 13. edizioa ospatuko dute, Orain edo inoiz ez lelopean. Datozen hiru asteazkenetan –otsailaren 1, 8 eta 15ean– mundu zabaleko itsaso eta ozeanoetako egoeraren erakusgarri diren ikus-entzunezkoak ikusteko parada izango da Modelo aretoan, 19:00etatik aurrera, doako sarrerarekin.

Gainera, emanaldietan nazioarteko jaialdietan saritutako film laburrak eta dokumentalak ikusi ahal izango dira. Bestalde, ohi bezala,, Merkatu Plazako lehen solairuan argazki erakusketa egingo dute, otsailaren 1etik 16ra, Cimasub jaialdira aurkeztutako argazki onenekin.

Gainera, otsailaren 1ean Txikizikloaren beste edizio bat ospatuko dute. Bertan, Zarauzko ikastetxeetako 300 gazte inguruk itsaspeko zinemaz gozatzeko aukera izango dute haientzat bereziki zuzenduriko emanaldi batean.