Entzunezko Argia saria jaso dute Olatz Mercaderrek eta Iñurri taldeak

Aritz Mutiozabal 2023ko urt. 28a, 10:00
Iñurri elkarteko Olatz Mercader zarauztarra (eskuinean), Jordina Arnau, Julene Illarramendi eta Miren Cuerdore, Argia Sarietan. (Dani Fano)

Minbiziaren inguruan "feminismotik eta elkartasunetik" modu naturalean hitz egiten duen (Min)bizi podcastagatik eman zioten saria atzoko ekitaldian.

Azken bi urteetan distantziara egin ostean, aurten aurrez aurreko ekitaldian banatu ahal izan dituzte Argia Sariak. Usurbilgo Atxega Jauregian elkartu ziren atzo euskal hedabideetako jendea, euskalgintzako eragileak, euskaltzaleak eta euskal kulturako bestelako ordezkariak. Aurtengo sarituen artean, Iñurri elkartea dago, eta saria jasotzera igo zirenen artean egon zen Olatz Mercader zarauztarra, Jordina Arnau, Julene Illarramendi eta Miren Cuerdorekin batera.

Entzunezko Argia saria eman zioten, hain justu ere, Iñurri elkarteak minbiziaren inguruan hitz egiten duen (Min)bizi podcastari. Argia-k erabakia hartzerakoa ebatzi duenaren arabera, «feminismotik eta elkartasunetik, deserosoak diren tabuez natural» hitz egiten dutela arrazoitu du: «Feminismoa ardatz, jendarteari deseroso zaizkion pertsonak eta errealitateak mikrofono aurrera ekartzen dituzte, eta gordin bezain goxo hitz egiten dute urrun nahi ditugun minei eta beldurrei buruz. Tabuak atzean utzi, eta naturaltasunez kontatzen digute oinazearekin ere gozatu daitekeela».