Aritzbatalden jokatuko dituzte Binakako Emakume Master Cup Txapelketako finalak

Jabi Gonzalez Toston 2023ko urt. 30a, 11:00
Binakako Emakume Master Cup txapelketa aurkezteko Donostiako Aquariumean egindako ekitaldia. (utzitakoa)

Pilota mistoko lehen mailako eta eliteko finalak hartuko ditu udal pilotalekuak martxoaren 26an eta ETB1ek zuzenean emango ditu.

Zarauzko Aritzbatalde pilotalekuan jokatuko dira atzo Murgian abiatutako Binakako Emakume Master Cup Txapelketetako final nagusiak. Zehazki, pilota mistoko lehen mailako eta eliteko finalak dira Aritzbatalden, martxoaren 26an, jokatuko direnak. 12:00etan hasiko da jaialdia eta ETB1ek zuzenean emango du.

Esan bezala, atzo jokatu ziren lehenengo partidak txapelketari hasiera emateko. Ligaxkako fasea da une honetan jokoan dena eta maila bakoitzean lau bikote arituko dira. Denak denen aurka arituko dira eta ligaxkako sailkapenaren arabera jokatuko dira finalerdiak: lehenengo bikotea laugarrenaren aurka eta bigarrena hirugarrenaren aurka. Laudion jokatuko dira finalaurreko horiek, eta garaipena lortzen duten bikoteak izango dira Zarautzen arituko direnak.