Zarautz Gesalaga Okelaneko nesken trainerua zazpigarren izan da Portugaleten

Aritz Mutiozabal 2023ko urt. 30a, 17:00
Zarautz Gesalaga Okelaneko neskak Potugaleten. (ZAE)

Denboraldiaurreko lehen estropada jokatu zuen atzo eta sailkapenaren erdialdean bukatu zuen, irabazle izan zen Donostiarrarengandik 51 segundora.

San Nikolaseko XI. Traineru Jaitsiera jokatu zuten atzo eguerdian Portugaleten hainbat arraun taldek. Denboraldiaurreko lehen estropada izan zen, eta martxa hartzeko estreinako lehia izan zen. Zarautz Arraun Elkarteak ordezkaritza bat izan zuen uretan: emakumezkoen trainerua, hain justu ere.

Erlojupeko proba izan zen, eta, guztira, emakumezkoen 15 ontzik hartu zuten parte. Donostiarra izan zen garaile (13:30,61), eta haren atzetik sailkatu ziren Orio eta Hondarribia, hurrenez hurren. Zarautz Gesalaga Okelan taularen erdialdean kokatu zen, zazpigarren postuan, lehen sailkatuarengandik 51 segundora. Deustoko ontzia gainean izan zuen, baina ehuneko batzuen aldeagatik, zortzigarren geratu ziren.