Itxasmenditik Azken Portu Goira bitartean pantaila akustikoak jartzeko lanak hasiko dituzte bihar

Jabi Gonzalez Toston 2023ko ots. 2a, 13:30
Aintzane Oiarbide diputatua erdian eta Iker Basurko zinegotzia eta Xabier Txurruka alkatea alboetan, pantaila akustikoak jarriko dituzten eremuari begira.(Jabi Gonzalez Toston)

AP-8 autobidean egingo dituzten obrak urtebetean amaitzea aurreikusi du aldundiak eta lau milioi eurokoa izango da inbertsioa. Horiek aurrera eraman ahal izateko eremua egokitzea izango da lehenengo urratsa eta bypass-a jarriko dute horretarako asteburuan, Donostiarako noranzkoan.

Trafikoak AP-8 autobide pareko auzoetan eragiten duen kutsadura akustikoa murrizteko pantailak jartzeko lanak bihar hasiko dituzte. Obrak egingo dituen Gipuzkoako Foru Aldundiak azaldu duenez 1.382 metroko tartean jarriko dituzte panelak. Zehatzago esateko, gaur egun Azken Portu Goian dauden pantailak Itxasmendirekin lotuko dituzte.

Horretarako, lau milioi euroko inbertsioa egingo du aldundiak eta hamalau hilabeteko epean exekutatu beharko dituzte. Era horretara, lanak amaitutakoan, urtebete barru, alegia, Zarauzko bizilagunek eskertuko dutela azpimarratu du Aintzane Oiarbide Bide Azpiegituretako diputatuak: "Nabarmen hobetuko du zonalde horretako bizi kalitatea". Bide beretik, Xabier Txurruka alkateak adierazi du pertsona askori egingo diela mesede: "Bai inguruko auzoetako bizilagunei, bai ikastetxeetara datozenei eta bai lantokia bertan dutenei ere, onuradun asko izango ditu obra honek".

Egingo dituzten lanen xehetasunak ere eman dituzte aldundiko agintariek. Jakinarazi dute, esaterako, jarriko dituzten pantailek lau metroko altuera izango dutela, salbu eta ikastetxe parekoek; izan ere, bi metrokoak izango dira bertan.

Horrez gain, zehaztu dute pantaila handi horiek paisaian eragin ahalik eta txikiena izateko neurriak ere hartuko dituztela. Hori horrela, konposite-plakez osatutako horma irudi bat jarriko dute, hormigoia gehien ikusten den eremuetan inprimatutako estaldura jarriko dute eta zuhaitzak ere landatuko dituzte.

Trafikoan eragin txikia

Bihar hasi eta datorren urtean amaituko dituzten lanak lau fasetan egingo dituztela eta trafikoan eraginik apenas izango dutela ere zehaztu du Oiarbidek; izan ere, obrek galtzadaren kanpoko bazterbidea hartuko dute nagusiki. Horretarako, hori bai, eremua prestatu beharko dute lehenik, bazterbide zabaltzea beharrezkoa izango baita langileek segurtasunez jardun dezaten. Hala, bi erreietako bakoitzaren zabalera 3,20 metrora murriztuko da eta errepidearen barruko bazterbideak 0,30 metroko zabalera izango du. Era horretara, obretarako eremu bat ireki ahal izango dute errei bat bera ere itxi gabe.

Bada, lan horiek egin ahal izateko, Bilborako noranzkoa itxiko dute asteburuan eta bypass-a (kono bidezko behin-behineko erreia) jarriko dute Donostiara joateko erreietan Bilborantz bidaiatu behar duten ibilgailuentzat.

Aipatutako lau faseei dagokienez, lehenik eta behin, ordainlekuko errei-zabaltzan dagoen pisatze-baskulatik hasi eta Itxasmendiko beheko pasabiderainoko 40 metroko tartean jarriko dituzte pantailak. Ondoren, Frantsesbideko goiko pasagunearekin lotuko dute Itxasmendi, 460 metroko tartea. Hirugarren fasea izango da metro kopuru aldetik luzeena, 655 metro pantailak Abendañoko beheko pasabideraino eramateko. Azken loturak, berriz, 105 metro izango ditu.