Bertso-sorta: 'Golfean estreinaldia'

Inaxio Uria 'Isasti' 2023ko ots. 12a, 12:30
Zarauzko golf zelaiko irudi zahar batean, Lezerako Dukea. (Zarauzko Postalak)

Iparragirre abila dela doinuan, ondorengo bertso-sorta igorri du Zarauzkohitza.eus atarira Inaxio Uria Isasti-k, golfean jokatu duen lehen aldia hizpide hartuta.

-1-
Zarautzen golf kirol eremuak
oso ezagunak dira
Azken urteetan egin izan dut
inguru horretan bira
Nahiz hotz edo nahiz bero
ni zintzo egunero
so itsaso ta mendira
Eta noizbehinka azaltzen diren
jokalariei begira (bis)

-2-
Gaur ezusteko bat gertatu zait
pasieran nijoala
Jokalariek deitu didate
ezagun banintz bezala
Jaurtigailua hartu!!
Ez inolaz koldartu!!
Eta ni prest berehala
Bola jotzeko esan didate
Egiteko eginahala (bis)

-3-
Makila hartu eta serio
nik ekin diot lanari
eta zalantzak alderatuaz
bolari so adi adi
Ondorioz zartada
Zaratatsua hara!!
Eta bola bidaiari
Neri egoki iruditu zait
Eta beste partaideeri? (bis)

-4-
Erreakzio oso baikorra
jokalari aldetikan
Etengabeko txaloak eta
oihuak han hemendikan
Nik entzun ditut baina
lotsarren alajaina!!
Pasa dira neurritikan
Benetan nik ez nuen espero
inolaz halakorikan (bis)

-5-
Nere bizitzan lehenengo aldiz
hartuz jaurtigailu hura
eta emaitza ikusirikan
zen niretzako onura
Ondo begiraturik
etzuen garrantzirik
dena izanik itxura
Azken finean hor jardun dira
txantxetan nire kontura (bis)

-6-
Zehaztasunak emango ditut
gai hau argitze aldera
Bola sabaian geldi zegoen
sarearekin batera
Beraien ahalegina
alperrikan jakina!!
Beraz bakarra aukera
Paseatzaileen esku noski
arazoan amaiera (bis)