%10ak bakarrik izango du zortea

Juan Luis Romatet 2023ko ots. 10a, 11:00

Salberdingo R14 promozioan egingo diren 92 etxebizitza tasatuetatik 88 zozkatu zituen atzo Amenabar enpresak Aritzbatalde frontoian egin zen ekitaldian. Ehundik gora herritar bertaratu zen pilotalekura zortea alde zuten edo ez jakiteko asmoz.

Atzokoan bestelako ikuslegoa bertaratu zen Zarauzko Aritzbatalde frontoira. Pilotakadarik ez zen entzun atzo 1991n zabaldutako frontoian, ezta lehiatutako tanto baten ondoren entzuten diren orro eta txalokadak ere; urduritasuna eta isiltasuna nabari zen atzo Aritzbataldeko harmailetan. Ez zen inongo partidarik edo txapelketarik jokoan, etxebizitza baten jabe izatea, baizik. 

Izan ere, Salberdingo eraikuntza planaren barruan egingo den R-14 promozioko 92 etxebizitza zozkatu zituen atzo Amenabar enpresak frontoian egin zen ekitaldian. Etxe horietarako eskakizunak egin zituzten askok etxetik jarraituko zuten ekitaldia, streaming bidez eskaini zutelako; beste askok, aldiz, zuzenean ikusi nahi izan zuten, pilotalekura hurreratuta. 

Amenabar enpresako kideak eseri ziren pilotalekuko ezker hormatik hurbil jarritako mahai luzean. Xabier Txurruka Zarauzko alkatea ere bertan zen, baita zozketaren nondik norakoak behar bezala egingo zirela ziurtatuko zuen Felix Maria Gonzalez de Etxabarri notarioa ere. Mahaiaren ertzean, frontisek hurbil, loteria ontzia, eta haruntzago, mahai gainean, ontzira botako ziren 960 bolak, eskakizuna egin zuten norbanako edo familiako bola bana. Matematika kalkuloak eginda, eskaitzaileen %10ak baino gutxiagok izango du promozio honetan etxe bat eskuratzeko aukera edo zortea. 

Zozketari ekin aurretik, Txurrukak gogoratu zuen 2016an abiatu zutela Zarauzko etxebizitza beharra ikusita herrian zegoen etxebizitza beharra "garbia eta larria" zela. Plan horren barruan egingo diren beste promozioen berri ere eman zuen alkateak, eta bertaratu zirenei, baita ekitaldia online jarraitzen zutenei, zorterik onena opa izan zien: "ez etsi, eta eutsi!". 

Araba kalean egingo diren etxe hauen prezioa 240.250 eurotik 286.000 eurora bitartekoak izango direla aipatu zuten Amenabarreko kideek. "Lau etxebizitza egokitutakoak izango dira eta beste 88ak egokitu gabekoak". Egokitutako lau etxe horietara interesdunik agertu ez dela ere azaldu zuen. Beraz, atzoko ekitaldian ez zituzten etxebizitza horiek zozkatu eta etorkizun batean eskakizunik sortzen bada ordurako gordeko dituztela. 

Hala, promozio 88 etxebizitza zozkatu zituzten azkenean, eta loteria ontzira botatako 960 boletatik 88 bakarrik aterako zituztela iragarri zuten enpresa eraikitzaileko kideek, eta besteekin itxaron zerrenda osatuko zutela. 20. zenbakidun bola izan zen ontzitik ateratzen lehena, eta horien ondoren atera zituzten beste 87ak. Zerrenda Zarauzko Udaleko webgunean ikusi ahal izango dela ere iragarri zuten.

Zortea alde izan duten 88 eskatzaileekin behin-behineko zerrenda bat egingo dutela ere iragarri zuten Amenabarreko kideek, eskakizunak betetzen dituzten edo ez ziurtatzeko. Horregatik, itxaron zerrendan daudenei adi egoteko ere eskatu zieten enpresako kideek. 

Otsailaren 15ean egingo dute notario aurreko ekitaldia –publikorik gabekoa–, eta han azalduko zaie etxeen jabe egingo direnei zer etxebizitza egokitu zaien Salberdineko promozio honetan.