Arturo Elosegik klima aldaketari buruzko hitzaldia emango du otsailaren 23an

Aiora LarraƱaga Solaberrieta 2023ko ots. 15a, 12:09
2014ko denboraleak kalte handiak eragin zituen itsas pasealekuan. (Zarauzko Hitza)

Klima aldaketak aurrera begira zer eragin izango dituen eta horien aurrean zer egin daitekeen izango dute hizpide, Modelo aretoan, Arkamurka elkarteak antolatutako saioan.

Klima aldaketak kezka sortzen du herritarren artean, eta gaia jorratzeko dokumental proiekzioa, hitzaldia eta solasaldia antolatu ditu Arkamurka elkarteak hilaren 23rako, ostegunarekin. Zarauzko Modelo aretoan izango da, 19:00etan hasita, eta dokumentalaren ondoren klima aldaketari buruzko hitzaldia eskainiko du Arturo Elosegik, Euskal Herriko Unibertsitateko Landareen Biologian eta Ekologian katedradunak. Arkamurkako kideek azaldu dutenez, Elosegik behin baino gehiagotan aipatu izan du klima aldaketaren aurrean gaur ari garela "etorkizuna baldintzatuko duten erabakiak hartzen, baina hartu beharreko erabaki horiek beranduegi hartu ditugula". Hori dela eta, aurrera begira zer gertatuko den eta hori ekiditeko zer egin daitekeen azaltzen saiatuko da Elosegi. Hitzaldiaren ondoren, solasalditxo egingo dute, herritarrek ere beren iritzia eman dezaten.

Arkamurkako kideek gogoratu dute Zarautzek lehorretik zein itsasotik, "arrisku hidrologiko handia" duela: "batetik, herria paduraren gainean eraikita dagoelako, eta bestetik, Eusko Jaurlaritzak berak seinalatu duelako Zarautz, itsas mailaren igotzen bada kalte handienetarikoa jasoko lukeen herri gisa. Hala ere, Udalak ez ditu arrisku hauek jasota indarrean dagoen Hirigintza Plan Orokorrean", nabarmendu dute. Gainera, zarauztarrak errealitate horri bizkarra emanda bizi direla uste du natur taldeak.