Industriatik bizi zen herri bat

Aritz Mutiozabal 2023ko ots. 16a, 09:45
EHUko irakasle Igor Etxabe eta Unai Burgoa ikaslea, Manufacturas Zarautz lantegia zenaren eraikin aurrean. (Aritz Mutiozabal)

EHUko irakasle Igor Etxabek Zarauzko industria ondarea aztertzeko egitasmoa abiatu du. Unai Burgoa ikaslea herriko ehungintza ikertzen hasi da dagoeneko.

"Proiektua nire ezinegon batetik sortzen da, baina baita behar akademikotik ere". EHUko Ekonomia eta Enpresa Fakultateko Donostiako irakaslea eta ikertzailea da Igor Etxabe zarauztarra, eta argi utzi du bi faktoreek bat egin dutela Zarauzko industria ondarea aztertzeko nahiz jasotzeko bidean. Alde batetik, beste gai batzuen artean, urtero-urtero Zarauzko enpresa historiko bat ikertzeko aukera proposatzen die Etxabek bere ikasleei GRAL Gradu Amaierako Lanerako. Bestetik, ikuspegi hori herrira ekarriz, industria ondarearen «memoria hilezkortzeko» gabezia dagoela nabarmendu du. 

"Ikusi besterik ez dago bazter guztietan eraikin zaharrak nola ari diren botatzen orain; Salberdingo eremua kasu; edo aurki Arregi lantegiko eraikina eraitsiko dute, uda honetan aparkalekuak egiteko. Herriko erreferenteak sinbolikoki galtzen ari gara. Egia da gaur egun eraikin hutsak besterik ez direla, baina horien atzean historia bat dago", zehaztu du EHUko irakasleak.

Zarautz "oso estigmatizatuta" dagoen herri bat dela iritzi dio, gainera. Askotan herritik kanpoko begietatik postal turistiko horrekin lotzen dena, surfarekin eta hondartzarekin. "Kanpotarrak ez dakite XIX. mendean, Pascual Madoz hona etorri zenetik herriak izan duen dinamismo industriala, eta 1940tik 1970era izan zuen  loraldia", zehaztu du. Gurasoek eta aiton-amonek herrian egiten zuten lan, eta inguruko herrietatik trenak beteta etortzen ziren: "Nik uste dut guk geuk ere ez dugula kontzientzia hori garatuta, garai batean Zarautzen industriak pisua izan zuela eta hori ez dago behar bezala jasota".

Metafora moduan, oso argazki esanguratsua dela dio Etxabek. Izan ere, ez dela funtsean lantegia, fabrika edo eraikina bera bakarrik, baizik eta bertan lan egindako jende andanaren testigantza ere bada. "Langile horiek 60, 70 eta 80 urte izango dituzte jada, eta haien hitzak ez baditugu orain jasotzen, memoria hori galdu egingo da".


Hiru ikasle, buru-belarri

Urtero izaten ditu dozena erdi pasa ikasle zarauztar Enpresen Zuzendaritza eta Administrazioko lehen mailan, eta laugarren mailan, Zarauzko enpresa zaharrak ikertzeko aukera eskaini nahi die Etxabek gradu amaierarako. Unai Burgoa izan da ikerketari heldu dion lehen ikaslea, eta hasiera batean Textil Berazadi enpresaren historia arakatzeari ekin badio ere, ehungintzaren sektore guztia hartuko luke bere gain. 

Textil Berazadiren jatorria Pascual Madozek sortutako Fabril Linera ehun-fabrikan duela kontatu du ikasleak; herriko aitzindaria izan zen. [ondorengoak dira Lizundia, Zarauz eta Gipuzcoana] Madozek eginiko salerosketa baten ostean, Jose Maria Vargasek erosi zuen, Fausto Berazadi Vargasen aitona izango litzatekeenak. "Hor dago jada lotura!", nabarmendu du Burgoak aipatu izen-abizenak ageri diren agiriaren kopia bat eskuan duela.

Fausto Berazadi aitarekin solasean aritu dela azaldu du, eta ikerketak ilusioa egin diola. Baina, halakoetan, normala denez, datu ekonomikoak galdu egiten dira edo gauza batzuei besteei baino garrantzi gehiago ematen zaie gordetzerakoan. "Berazadi Hermanos zen bere aita eta anaiek zuzendu zutena. Aurretik beste izen bat izan zuen, baina enpresa bera da. Horren arabera ari gara dokumentuak bilatzen". 

Egiazkoa izan dadin, oinarrizko datu ekonomiko batzuk biltzen saiatu behar dute zeregin honetan: fakturazioak eta salmenta agiriak lortzea ez da erraza izango, baina sortze datak, bazkideak nortzuk izan ziren,  langile kopurua, noiz itxi ziren... Edonola ere, Etxabek ez daki oraindik zer forma hartuko duen honek guztiak: "Hasiera batean uste nuen enpresa garrantzitsuenen inguruan informazioa eta haiei buruzko datuak egongo zirela, baina iruditzen zait, ezetz.  Beraz, sektore ekonomiko ezberdinetako GRALak izango dira".

Burgoa ehungintzarekin dabilen moduan, beste bi ikasle berri gehitu zaizkio Etxaberi aste honetan bertan Zarauzko industria ondarea aztertzeko lanean:  Xabier Iruretak altzarigintza (Muebles Arruti, Muebles Beristain, Alfa, Muebles Treku, Arin Hermanos) ikertuko du, eta Paulo Eizagirrek, berriz, gozogintza (Reineta, Dulces Gala). Baina oraindik asko dago ikertzeko, eta irakasleak honako sektore hauek zerredatu ditu, besteak beste: inprimategiak (Itxaropena, Otzarreta, Abendaño, Editorial Vasca), automozioa (Derlan), musikagintza (Keller), meatzaritza (Malla Harria kargalekua), janari dendak (Laguntasuna kooperatiba) eta hotelak (Gran Hotel, Miramar, Duque, Alameda, Zarauz), esaterako.

Azken urtebetean "sukalde lana" egiten aritu dela aditzera eman du, gainera, eta dokumentazioa lortzeko bideak nahiz harremanak ere egin dituela. Zarauzko Udala laguntzeko prest agertu zaie, eta espero dute proiektuak forma hartzen joan ahala beraiekin bat egitea.

 

Industria ondarea ezagutarazteko hainbat aukera

Aurrera begira, proiektuak zer forma har dezaken pentsatzen aritu da EHUko irakasle Igor Etxabe, eta hainbat aukera ditu esku artean: «Liburu bat argitaratu daiteke, edo dokumental bat egin, ala agian biak elkarren osagarri izan daitezke.  Gero, Zarauzko Wikipediaren orriko ekonomiaren atalean sektore bakoitzari bere ataltxoa eskaini dakioke». Bestalde, elkarrizketak egiten doazen heinean, Ahotsak.eus  proiekturako baliagarria izan daitekeela iruditzen zaie, «herriko hizkera eta hiztegia jasotzeko».  Halaber, Zarauzko industria ondarearen ezagutza herritarrengana gerturatze aldera, bi ideia ere baditu buruan:  batetik, unitate didaktikoak prestatzea herriko ikastetxeetarako, eta, bestetik, oraindik zehazteke duen arren, sektorekako jardunaldi-hitzaldi batzuk antolatzea.