Beste bederatzi komun autogarbigarri jartzeko obrak hasi dituzte

Jabi Gonzalez Toston 2023ko ots. 19a, 09:00
Komun autogarbigarria jartzeko Lapurdi kalean hasi dituzten obrak. (Zarauzko Udala)

Urbanizazio lanak dira abiatu dituztenak eta Lapurdi kalean ari dira momentuz. Datozen asteetan ekingo diote gainontzeko kokapenetan, eta  750 mila eurotik gorakoa izango da udalak egingo duen inbertsioa.

Zarauzko Udalak beste bederatzi komun autogarbigarri jarriko ditu herrian, eta horretarako lanak dagoeneko hasi dituzte Lapurdi kalean. Bertan eraiki duten haurrentzako jolas parkearen alboan jarriko dute, zehazki, eta komuna muntatu ahal izateko urbanizazio lanak dira une honetan egiten ari direnak; izan ere, Iban San Martin Obra eta Zerbitzuen zinegotziak azaldu duenez, "Komunak erabakitako guneetan jarri ahal izateko, aurrez, hauen azpiegitura ahalbidetzeko lanak egin behar dira".

Une honetan zortzi komun autogarbigarri ditu Zarautzek eta Lapurdi kalekoaz gain, Herrikosoro kalean (Frantzesbidea zubiaren ondoan), Itxasmendiko kirol gunean, Higer kalean, Mitxelena kalean (Hegoalde kalearen parean), Iñurritzako parkean, skate parkearen parean eta Asti aisialdi gunean jarriko dituzte besteak. Horretarako, 762.862,92 euroko inbertsioa egingo du udalak guztira, eta Construcciones Mariezcurrena SL. enpresak egingo du obra zibila 351.292,69 euroren truke.

Komunen eraikuntza eta bi urterako mantenua, berriz, Aseos Públicos Ibéricos SL. enpresari esleitu diote 411.570,23 euroan. Zehaztu behar da, halaber, egungo zortzi komunen mantenua ere sartzen dela eslepien horren barruan.