Plaieroak 2022-2023

Eskerrik asko, 'maixu'!

Erredakzioa 2023ko ots. 23a, 12:30
Plaieroetako azken jardunaldiko partidetako bat. (Arnaitz Rubio Aprea)
Aurreko astean Joxe Mari Lertxundi Azpiazu Txema zendu zen, urte askotan Zarauzko Hondartzako Futbol Txapelketa antolatzen ibilia eta oraindik ere finaleko egunean laguntzen aritzen zena. Larunbatean 13:00etan izango da jardunaldia, eta partidak jokatzen hasi baino lehen minutu bateko isilunea eta omenaldia egingo diote lokal parean. Halaber, Zarauzko plaieroetako antolakuntza eta komunitateak ondoreko gutuna helarazi dute.
 
Duela hiruzpalau urte arte, helduen plaieroetatik pasa den orok zintuen ezagutzen. Itzalean, ikusten ez diren lan horiek eginez, umiltasunetik eta protagonismoa ekidinez. Urtez urte konprometitua, behin antolakuntzatik aterata ere, beti zure eskua luzatzeko prest, irribarre zabal eta atsegin batekin. Joxean eta Paxorekin batera, iazko final egunean esan genizuen bezala, "zuei eskerrak gaude gu hemen, ez da apurtu katea" eta zuek utzitako ondarea bizirik mantentzen jarraituko dugu, zuk gure bihotz eta oroimenean jarraituko duzun bezala.
 
Larunbatean dugu hondartzan hurrengo zita, Gurutze Gorriko lokalean 12:30ean omenduko zaitugu ekitaldi xume batekin. Parte hartu nahi duen oro gonbidatu nahiko genuke, ez baituzu gutxiago merezi. 
 
Beti arte, Txema!