Zarauzko Udala izendatu du Urkomek VI. Landaola sarietarako, Merkatu Plazaren eraberritzeagatik

Mailo Oiarzabal 2023ko ots. 24a, 15:08
Merkatu Plazaren sarrera. (Urkome)

Gaur zortzi, martxoaren 3an, banatuko dituzte aurtengo Landaola sariak Berastegin (Gipuzkoa). Erakunde publikoek sustatutako proiektuen sarirako sei hautagaietako bat da Zarauzkoa.

Gaur zortzi, martxoaren 3an, banatuko ditu Landaola federazioak aurtengo bere sariak, eta Zarauzko Udala dago erakunde publikoei zuzendutako saria jasotzeko hautagaien zerrendan.

Gipuzkoako landa garapeneko sei agentziak osatzen dute Landaola. Federazioak seigarren aldiz banatuko ditu aurtengoarekin Gipuzkoako landa garapen proiektuei aitortza egin nahi dieten sariak. Aurrekoetan bezala, lau sari banatuko ditu Landaolak: erakunde publikoek sustatutako proiektuena, erakunde pribatuek sustatutako proiektuena, Emakumeak Landa Eremuan saria, eta urteetako ibilbideari eskainitakoa. Azken bi horiek sari banaketa ekitaldian bertan jakinaraziko dituzte; beste bietarako hautagaiak, berriz, eskualdeko landa garapen agentziek proposatzen dituzte.

Horrela, Urkome Urola Kostako landa garapenerako agentziak Ibarbi Errezil Sagarra kooperatiba eta Zarauzko Udala izendatzea erabaki du. Errezilgoa "elkarte izatetik kooperatiba izatera eraman duen ibilbidea" aitortzeko hautatu du Urkomek erakunde pribatuen sarirako. Zarauzko Udala, berriz, Merkatu Plazaren eraberritzea dela eta izendatu dute VI. Landaola sarietarako. 2022an berritu zuen erakundeak azkenekoz 1903ko eraikina, "bezeroentzat erakargarriagoa izateko, eta baserritarren eta postukideen egunerokotasuna erosoagoa izateko helburuarekin". Hainbat berrikuntza eta hobekuntza ekarri ditu Zarauzko Merkatu Plazaren eraberritzeak: baserritarren beharretara egokitutako postu berriak, takila sistema berria, ate automatikoen sistema berritua, fatxada berria, eta zaborra biltzeko eta sailkatzeko espazio berria dira aipagarrienetakoak.

Beste hautagaiak

Erakunde publikoen sarirako sei eta erakunde pribatuen sarirako bost hautagaitza aurkeztu dituzte aurten Gipuzkoako landa garapen agentziek Landaola sarietara.

Publikoen artean, Zarauzkoa bezala, azoka berriak dira nagusi: Hondarribiko Udala (Bidez-Bide, landa eremurako eskaripeko garraio zerbitzua), Eibarko Udala (Errebal Plaza), Zumarragako Udala (Zumarragako Azoka) eta Amezketako Udala (Pello Zabala Gunea) lehiatuko dira Zarauzko Udalarekin sariaren bila.

Errezilgo Ibarbi Sagarra Kooperatibarekin batera, berriz, hauek dira eremu pribatuko sarirako hautagaiak: Errenteriako Bordazar baserria, Ereindajan Bergara, Asier Lizarralde eta Ane Munin (Lizagasar Sagartokixa, Elgoibar), eta egoitza Zaldibian duen Erle Beltz Hazleen Elkartea (Erbel).