Gutuna

Non daude auzo txikiak?

Erredakzioa 2023ko ots. 25a, 10:00
Sanpedroak Elkano auzoan. (Zarauzko Hitza)

Aritz Pardina Herrero bizilagunak ondorengo gutuna helarazi du Zarauzko Hitzara.

Noizbehinka, ezbeharrak edota istripuak izaten dira: kalean nola, hala auzo txiki eta baserrietan ere. Egoera horietan, ordea, landa eremuan bizi garenok arazo erantsiak izaten ditugu. Aste honetan, esaterako, Zarauzko Elkano auzoan izan dugu ezbeharra. Ohikoa den moduan, larrialdi zerbitzuetara hots egin genuen. Eta, ohikoa den moduan, Ertzainek eta anbulantziek lanak izan zituzten gu aurkitzeko.

Agian, Zarauzko kalean bizi den zenbaitek ez du jakingo Elkano auzoa non dagoen, ezta bertara iristen ere. Hori ulergarria izan daiteke, auzoa ez baitago bidean eta, hona etorri nahi duenak, propio etorri behar baitu. Dena dela, ulergaitzak iruditzen zaizkit larrialdi zerbitzuek —poliziek, anbulantziek, suhiltzaileek, etab.— gurera iristeko izaten dituzten zailtasunak.

Bada, gaur egun sinestezina badirudi ere, azken ezbeharrarekin ziurtatu dugu, oraindik ere, egoera berean jarraitzen dugula, zeren eta ertzainak baserriz nahastu ziren, GPSak okerreko bidea markatu ziela-eta. Halaber, Urdaneta auzora bidean ikusi genituen Elkanora etorri behar zuen anbulantzietako baten argi urdinak. Egoera bereziki larria iruditzen zait, jakineko gauza baita norbaitek ondoeza sentitzen duenean, edota istripua gertatzen denean, segundo eta minutu bakoitza garrantzia handikoa izaten dela. Ondorioz, ahal dela, ez dadila denbora hori bidea bilatzen galdu: hil ala biziko kontua izan daiteke. Horregatik eskatu nahi nieke larrialdi zerbitzuei auzo txiki eta baserrietako errepideak ezagutzeko ardura hartu dezaten. Izan ere, ez dago landa eremuko bideak argi izatea baino GPS hoberik.