Ehun zuhaitz eta zuhaixka landatu dituzte Gesoerrekan, Zuhaitz Egunaren harira

Aritz Mutiozabal 2023ko ots. 26a, 11:30
Zuhaitzak landatzen Gesoerreka basoan. (Zarauzko Udala)

La Salleko LH 5. mailako ikasleek hartu dute parte aurten egitasmoan, eta arkamurka basoak lehengoratzeko lanetan aritu dira.

Urtero bezala, Zarauzko Udalak Zuhaitz Eguna antolatzen du herriko ikastetxeekin lankidetzan, eta, aurten, La Salleko LH 5. mailako ikasleekin aritu dira Gesoerrekako basoan zuhaitza landatzen. Ostiralean egin zuten irteera ikasleek, eta arkamurka basoak lehengoratzeko lanak bertatik bertara ezagutzeko aukera izan zuten.

Gesoerreka basoa Garate-Santa Barbara Kontserbazio Bereziko Eremuan aurkitzen da, eta udaleko Ingurumen Sailak hiru lursail erosi ditu inguru horretan, arkamurka basoak lehengoratzeko eta bertako biodibertsitatea mantentzeko, hobetzeko eta, aldi berean, Zarauzko baso-masa handitzeko. Erositako azken lursaila Gesoerreka basoaren ondoan dagoen landa bat da, eta bertan aritu ziren ikasleak landaketak egiten. Gloria Vazquez Ingurumen zinegotziak aditzera eman duenez, "ehun zuhaitz eta zuhaixka inguru landatu dituzte ikasleek, eta ekimen honen bitartez ikasi dute biodibertsitatearen eta basoaren garrantzia zein den”.

Urrian hasi ziren Gesoerrekako basoa berreskuratzeko lanak eta, lan horiek gauzatu ahal izateko aldundiko Ingurumeneko eta Obra Hidraulikoetako Departamentuaren diurulaguntza jaso dute. Arkamurkak berreskuratu eta lehengoratzeko espezie exotiko batzuk -batez ere itsinis pinua eta sasiakazia- kendu edota eraztundu dituzte, eta horien ordez, zuhaitz autoktonoak landatzen ari dira uneotan: arkamurkak (Quercus suber), haritz arruntak (Quercus robur), ametzak (Quercus pyrenaica) eta gurbitzak (Arbustus unedo). Guztira, 500 zuhaitz eta zuhaixka inguru landatuko dira, eta horietatik 302 arkamurkak izango dira.