Plaieroak 2022-2023

Plaieroetako komunitateak omenaldi sentikorra egin dio Txemari

Aritz Mutiozabal 2023ko ots. 26a, 12:00

Minutu bateko isiluneaz gain, Agurra egin zuten futbol taldeko hainbat jokalarik atzo eguerdian. Jarraian, lore sorta eta plaieroetako elastikoak eskaini zizkieten familiako kideei.

Aurreko astean Joxe Mari Lertxundi Azpiazu Txema zendu zen, urte askotan Zarauzko Hondartzako Futbol Txapelketa antolatzen ibilitako kirolzale boluntarioa. Hark egindako lan-eskerga aitortze aldera, Zarauzko plaieroetako antolakuntzak eta komunitateak omenaldi xumea bezain sentikorra egin nahi izan zion atzo eguerdian, jardunaldia hasi baino ordu erdi lehenago.

Plaieroen lokalaren aurreko sorosleen talaiatik pankarta handi bat zintzilikatu zuten Txemaren erretratuaren irudiarekin, eta mezu garbi bateakin: Eskerrik asko, Txema! Jende ugari bertaratu zen lagunari azken agurra ematera. Txemaren familiako kideak, gertukoak eta lagunak pankarta azpian jarri ziren, eta minutu bateko isilunearen ondoren, futbol taldeko hainbat jokalarik Agurra dantzatu zuten txistularien laguntzarekin.

Dantza amaitzearekin batera, sendiari lore sorta bat eta plaieroetako elastikoak eskaini zizkieten antolakuntzako ordezkariek. Bien bitartean, bertaratu zirenek txalo zaparrada artean gogoratu zuten betiko Txema.