Naturaren defendatzaileen hitzaldia izango da ostiralean

Aritz Mutiozabal 2023ko ots. 28a, 16:10
(Amazona Gara)

Hiru emakume kolonbiarrek beraien testigantzak, bizipenak eta borrokak partekatuko dituzte ostiralean, Pagoeta elkartearen lokalean.

Alboan Fundazioak antolatuta, Bizitzaren eta lurraldearen defendatzaileak: bizitzaren iraunkortasunari eta giza eskubideei buruzko elkarrizketak hitzaldia izango da ostiral honetan, 19:00etatik aurrera, Pagoeta Mendizale elkartearen lokalean. Amazonia Gara kanpainaren barruan antolatutako ekitaldia da honakoa; hau da, Amazoniaren eta, oro har, naturaren defentsan lantzen ari diren kanpainaren barruan.

Latinoamerikako hainbat herrialdeetatik hamar emakume etorri dira aste honetan Euskal Herrira, eta horietatik hiru Gipuzkoako hainbat herritan dabiltza, Gipuzkoako Foru Aldundiak onartutako proiektu batean, haien testigantzak, borrokak eta erreklamazioak partekatzeko. Emakume horiek kolonbiarrak dira: Katia Milena Ustate Carranza eta Yalenis Josefa Medina wayuu indigenak dira eta Guajiratik datoz, eta hirugarrena Jenny Paola Ortiz Fonseca da, CINEP (Centro de Investigación y Educación Popular de Colombia) tokiko GKEko kidea, ikertzailea eta komunitate indigena horien prozesuetan laguntzen duen komunikatzailea.

Hiru emakume horiek ariko dira hizlari ostiraleko saioan, eta beraien esperientzia partekatu dute, emakume indigena gisa naturarekin duten harremana ezagutzera emanez. Gainera, Arkamurkako kide Aitziber Saroberen laguntza izango dute.