Udan Saharako ume errefuxiatuak etxean hartzeko familiak behar ditu Saharautzek

Jabi Gonzalez Toston 2023ko mar. 1a, 17:35
Ezkerretik eskuinera Asier Oinederra, Patxi Elola eta Xabier Euzkitze. (Jabi Gonzalez Toston)

Gaur abiatu dute Oporrak Bakean ekimenean izen emateko kanpaina eta EAEra 300 haur ekartzea da helburua. Bestalde, elikagaien bilketa ere egin du  Zarauzko GKEak herriko ikastetxeetan eta 10 mila euroko dirulaguntza eman dio udalak proiektu horretara bideratzeko.

Saharautz Sahararen aldeko Zarauzko Gobernuz Kanpoko Erakundeak (GKE) herriko nahiz eskualde osoko familiak deitu ditu Oporrak Bakean ekimenean izena eman eta udan Saharako ume errefuxiatuak hartu ditzaten. Helburu horrekin, apirilaren 28ra arte luzatuko den kanpaina ere abiatu dute gaur bertan eta "EAEra 300 haur ekartzea da erronka iazko kopurua bikoiztuta" Saharautzeko kideen esanetan.

Gauzak horrela, programan parte hartzeko interesa duen orori elkartearekin harremanetan jartzeko eskaera egin diote, eta horretarako bideak hainbat direla jakinarazi du Xabier Euzkitze GKEko lehendakariak: "Gu lokalizatzea oso erraza da, sare sozialetan gehienetan gaude eta Facebook, Twitter eta Instagramen bidez gurekin harremanetan jarri daiteke interesik edo jakin-minik duen edonor informazioa eskatzeko inolako konpromisorik gabe". Horrez gain, kartelak ere izango dira kalean eta iragarkiak ere bai irratian.

Euzkitzek gogoratu du, era berean, Saharako bost haurren etorrera bideratu zutela iaz, nahiz eta "ez zen erraza izan programa berraktibatzea pandemiaren ondoren". Aurtengo udari begira, ordea, ziur daude kopuru hori gainditzeko moduan izango direla. Zentzu horretan, Asier Oinederra elkarteko kideak azaldu du iazkoaren aldean aurten sustapen kanpaina lehenago abiatzeko aukera izan dutela: "Lehengo urtean pandemia eta politika kontuak zirela eta berandutu egin zen kudeaketa guztia eta uztaila erdialdean etorri ziren haurrak. Aurten, ordea, bestelakoa da egoera". Gainera, Oinederrak zehaztu du iaz haurrik hartu ez zuen familia batek dagoeneko jo duela haiengana. Edonola ere, Saharautzeko kideek urrun ikusten dute duela urte batzuk erdietsi zuten 33 haurren marka.

Azken horren harira, Euzkitzek adierazi du umeak etxean hartzeko familiak lortzea errazagoa zela lehen eta horrek programa orain baino "osoagoa" izatea zekarrela: "Saharako ume bakoitzak lauzpabost udatan etortzeko aukera izaten zuen, baina familia parte hartzaileak gutxitzen joateak programa birplanteatu beharra ekarri zuen. Horren aurrean, Frente Polisarioak bi aukeren artean erabaki behar izan zuen: haur guztiei ematea gutxienez uda bat gurean pasatzeko aukera edo haur gutxiagori ematea aukera hori, baina programa osatuago baten barruan. Azkenean aukera guztiei ematea erabaki zuten".

Euskal Herrira datozen haurrekin egiten dituzten jarduerei buruzko azalpenak ere eman zituzten Saharautzeko ordezkariek. Bada, egiteko garrantzitsuenetako bat azterketa medikuak izan ohi dira: "Bizi diren kanpalekuetan sekula jaso ez duten mediku azterketa sakona egitera eramaten ditugu", zehaztu dute. Horiek zein garrantzitsuak diren ikustarazteko uda batean etxera ekarri zuten haurretako batekin bizitakoa kontatu zuen Euzkitzek: "Eztul asko egiten zuela konturatu ginen eta medikuarengana eramatean, hark esan zigun ziurrenik gure klima hezeagora egokitzeko denbora apur bat beharko zuela eta ziurrenik hori izango zela eztula eragiten ziona. Badaezpada plakak atera zizkioten eta erakutsi zuten tuberkulosia zuela".

Elikagaien karabana

Aipatu behar da, halaber, Saharautzek sahararren aldeko ekintza gehiagotan hartzen duela parte Oporrak Bakean ekimenaz harago. Horien artean, Tindufeko errefuxiatu kanpalekuetara elikagaiak eramateko karabanan. Aurtengoan, hori bai, supermerkatuetan ez dute egin janari-bilketarik, Euzkitzeren esanetan, "alferrikakoa" litzatekeelako. Horren harira, azaldu du baliabide gutxiago dituztela elikagaiak sahararrei eramateko: "Hara eraman daitezkeen kamioien neurrietan aldaketak izan dira, eta ez hori bakarrik, kamioiak erosi egiten ditugu gero bertan uzteko eta horrek ere eragin ditu arazoak: izapide asko egin behar dira eta txoferra ere lotu behar da kamioia gidatu dezan".

Egoera horren aurrean, herriko ikastetxeetan egin dute aurtengo janari bilketa. Euzkitzeren arabera, "bereziki garrantzitsua" iruditzen zaielako eutsi nahi izan diote ariketa horri: "Janari bilketarekin batera edo haren aitzakian, sentsibilizazio lana egiten dute ikastetxeetan eta hori oso pozgarria da guretzat".

Era berean, udalari ere eman dizkio eskerrak Saharautzeko lehendakariak, zeren eta aurreko urteetako bide beretik, aurten ere, handitu egin diete dirulaguntza. Zentzu horretan, Patxi Elola Elkartasun zinegotziak zehaztu du 10.000 euro izango direla Sahararen aldeko Zarauzko GKEari bideratuko dizkiotenak eta esker oneko agertu da bera ere: "egiten duten lana eskertu nahi diet Zarauzko Udalaren eta zarauztarren izenean, haiei esker gisa honetako laguntzak bideratzeko aukera eskaintzen digutelako". Horrez gain, Elolak aurreratu du Oporrak Bakean programara bideratuko duten beste diru partida bat ere jaso dutela aurrekontuetan.