Maldak gainditzeko gertu

Aritz Mutiozabal 2023ko mar. 2a, 10:00
Ezkerretik hasita, Jira-Bira klubeko txirrindulari Ainhoa Usandizaga, Lide Eizagirre eta Oihana Ezponda. (Aritz Mutiozabal)

Jira-Bira txirrindulari klubak emakumeen taldea sortu du; oraingoz, bost txirrindularik osatzen dute. Ilusioz beteta ekin diote, eta kide berriak erakarri nahi dituzte taldera.

Zarauzko Jira-Bira klubak emakumeen Eulen-Nuuk taldea osatu berri du, emakumezkoen txirrindularitzari bultzada emanez. Hastapen prozesu bete
-betean dagoen proiektua da, eta gogotsu ekin diote euren ibiliari. "Ilusioz tiraka gabiltza, emakumezkoen txirrindularitzaren orainak eta etorkizun hurbilak egin dezaten jirabira. Azken finean, presentzia orok du bere esentzia, bere garrantzia", adierazi zuten taldekideek egitasmoaren aurkezpen ekitaldian. 

Une honetan, bost txirrindularik osatzen dute taldea –Lide Eizagirre zarauztarrak, Eli Thomas zarauztarrak, Oihana Ezponda hernaniarrak, Paula Suarez gasteiztarrak eta Ainhoa Usandizaga aiarrak–, baina denborak aurrera egin ahala, tropela handitzen joatea espero dute. Zentzu horretan, azpimarra berezia egin zuen Usandizagak: "Emakume gehiago animatu nahi ditugu jauzia ematera".

Hainbat helburu zehaztu dituzte taldea sortzearekin batera. Batetik, emakumezkoen presentzia areagotzea nahi dute lehiako txirrindularitzan. "Horretarako, hainbat modalitatetan parte hartuko dugu –errepidean, ziklokrosean eta BTTan–, betiere talde giroa sustatuz eta gozatuz", nabarmendu du Ezpondak. Bestetik, espero dute bide berriak bere fruituak ematea, hau da, "proiektua sendotzea eta urte luzeetan etorriko den zerbaiten hasiera izatea".


Lasterketa gehienetan

Emakumezkoen Elite mailan parte hartuko du Eulen-Nuuk taldeak, eta asmo zehatz batekin: "Ahalik eta lasterketa gehien jokatu nahi ditugu". Espainiako Kopa eta Euskaldun Torneoko probak, Ziklokroseko denboraldia bukatu berri dute, ekainean BTTko Euskadiko Txapelketan lehiatuko dira, baita BTTko proba irekietan ere... Oraindik urteko egutegia zehazteke dute, baina lasterketen berri sare sozialetan ematen joango direla jakinarazi dute.

Asteburu honetan, esaterako, errepidean egingo dute debuta. Nojan (Kantabria, Espainia) jokatuko dute 82,6 kilometroko lasterketa zorrotza, eta proba horretan lehiatuko dira Eizagirre, Ezponda eta Thomas txirrindulariak. Espainiako Kopako lasterketa izango da, eta maila handiko lehiakideak izango dituzte ondoan.

"Ez gara asko, baina lehendik dabiltzanak maila oso altua erakusten ari dira. Beraz, iritsi berriak garenok ere maila horretara egokitu beharko dugu lehenbailehen, ongi ibili nahi badugu. Eta, jakina, bide bat izango dugu egiteko, erritmo politean aritzeko", arrazoitu du Usandizagak.

Izan ere, Jira-Birak sortu berri duen taldeko kideak oso profil ezberdinetakoak dira. Aiarra, esaterako, saskibaloi mundutik dator, eta iaz hasi zen duatloietan parte hartzen. Ezponda, Thomas eta Eizagirre, berriz, triatloian aritutakoak dira. "Diziplina ezberdinetatik gatoz", diote. Usandizagak kontatu duenez, "arantza bat" zeukalako heldu diola txirrindularitzari: "Beraz, inoiz ez da berandu".

Ezpondak aitortu du sare sozialen bidez jakin zuela taldearen berri, eta horrela jarri zela haiekin harremanetan: "Ate guztiak zabaldu zizkidaten. Beraz, txirrindularitza probatu edota taldera batu nahi dutenei esango nieke ez geratzeko gogoarekin"».


Egitasmo pozgarria

Jira-Biraren eta babesleen prestutasunaz gain, Zarauzko Udalak emandako babesa eskertu dute txirrindulariek. Berdintasun zinegotzi Gloria Vazquezek eta Kirol zinegotzi Leire Aranak pozgarritzat jo dute kirol proiektu berria. "Oso garrantzitsua iruditzen zaigu emakumeon parte hartzea sustatzea kirolean, nerabezaroan askok utzi egiten dutelako kirola praktikatzea. Beraz, lan handia dugu egiteko", dio Vazquezek.

Aranaren iritziz, proiektu "oso ausarta" da Jira-Birako neskena, "23 urtetik aurrerako jauzia oso potentea delako txirrindularitzan". Horrelako egitasmo bat Zarautzen errotzea garrantzitsua dela gaineratu du, "txirrindularitza eskolan dauden neskek erreferente" izateko baliagarria delako. "Ibilbide oparoa eta luzea izatea espero dizuegu. Hau hasiera besterik ez da".