Zarauzko Udalak beste 500 zuhaitz landatu ditu herrian azken egunotan. Olaa errekaren inguruetan aritu dira lan horiek egiten Errotaberriko urbanizazio proiektuaren barruan. Aurrez ere egin zituzten landaketak Iñurritza errekaren inguruan, Abendaño eta Frantzeskua zubiaren artean, eta 500 zuhaitz eta zuhaizka izan ziren orduan ere, orain landatu dituzten espezie berekoak, gainera.
Azken horri lotuta, hamar espezietako zuhaitz eta zuhaixkak dira landatu dituztenak, haltzak eta lizarrak gehienak, baina haritzak, astigar zuriak, basagereziondoak eta urkiak ere bai, baita sahats iluna, hurritza, elorri zuria edo basaerramua bezalako zuhaixkak ere.
Aurrera begira jarrita, Xabier Txurruka alkateak adierazi du landaketak egiten jarraituko duela udalak: "Errotaberri industria guneko urbanizazioak aurrera egin ahala, datozen hilabeteetan beste hainbat landaketa egingo ditugu eremu honetan. Urbanizazio lanak amaitzerako, guztira 2.200 zuhaitz, zuhaixka eta adaxka berri landatuko dira industria gunearen obren barruan".