Iritako hezegunea berreskuratzeko lanen bigarren fasea martxan dago jada

Jabi Gonzalez Toston 2023ko mar. 7a, 09:00
Gloria Vazquez zinegotzia eta BegoƱa Rodriguez eta Ainara Garcia Ingurumen teknikariak Iritako hezgunearen aurrean. (Jabi Gonzalez Toston)

Bi mila metro kubiko lur kentzen ari dira egunotan urari tokia egiteko. Eremua atondutakoan, zuhaitzak landatuko dituzte, behatokia jarriko dute, baita oinezkoentzako pasealekua ere. 450 mila euroko inbertsioa egingo du udalak hori guztia gauzatu ahal izateko.

Joan den asteaz geroztik abian dira Iritako hezegunea zabaltzeko lanak Itxasmendi auzoaren parean. Zehazki, lurra ari dira ateratzen sakonera irabazteko eta eremuaren azalera handitzeko; izan ere, urari tokia egitea da helburu nagusia Gloria Vazquez Zarauzko Udaleko Ingurumen zinegotziak zehaztu duenez: "Urari kendu diogun espazioa itzuli nahi diogu; zeren itsasoaren maila igotzen denean hezegune hau urez betetzen da eta hori oso garrantzitsua da uholdeak ekiditeko. Gainera, gune honetan kontzentratzen den biodibertsitatea oso aberatsa da".

Horretarako, zinegotziak argitu du 2.000 metro kubiko lur aterako dituztela eta hezeguneak 6.200 metro koadro irabaziko dituela. Lanek bost hilabete irautea aurreikusten da, eta amaitutakoan oinezkoentzako pasealekua eraikiko dute autobideko irteerarekin paraleloan geratzen den hezeguneko aldean herritarrek ingurua bisitatzeko aukera izan dezaten. Horrez gain, behatokia jarriko dute txoriak ikusteko eta 420 zuhaitz eta zuhaixka landatuko dituzte. Haltzak, izango dira batik bat urarekin lotura duten espezieak direlako eta bi baso txiki sortzea da asmoa. Lanak aurrera eramateko 450.000 euroko inbertsioa egingo du udalak.

Azalpen horiek guztiak dagoeneko eman dizkiete Itxasmendiko bizilagunei, izan ere, Vazquezek jakinarazi duenez, birritan bildu dira haiekin: ekainean, lehendabizi, eta otsaila amaieran, berriro, obrari ekin aurretik.

Hala, 2019an egin zituzten Iritako hezegunea berreskuratzeko, lanei jarraipena emango diete bigarren eta azken fase honetan. Orduan, Ura Uraren Euskal Agentziak egin zituen obrak eremuan zeuden hormak bota eta ingurua naturalizatzeko. 

Eguzki Izarrekin «kezka»

Zinegotziak nabarmendu du, halaber, hezeguneak lotura duela Iñurritzako biotopoarekin: "Iritako espazioa egoera onean egotea garrantzitsua da biotopoarentzat eta alderantziz ere gauza bera gertatzen da; zeren, erlazionatuta daude errekagatik. Gainera, hegaztiak eremu batetik bestera mugitzen dira eta Asti ere izan behar dugu kontuan, hiru espazioek ekosistema bat osatzen baitute".

Azken horren harira, Ingurumen zinegotziak deitoratu du  aipatutako hiru eremuen arteko lotura "apurtzen" ari direla "barrerak" jartzen ari zaizkiolako. Hori dela eta, "oso kezkatuta" agertu da Eguzki Izarren egingo diren etxebizitza berriekin eta hotelarekin: "Barrera izugarria suposatuko du bi hezeguneen artean eta arriskuan jarri dezake babestutako biotopoa bera". Hori horrela, Vazquezek gogoratu du berak zuzendutako Ingurumen departamentuak hasiera-hasieratik agertu zuela aurkako jarrera Eguzki Izarreko proiektuarekiko.