Emakumeen Nazioarteko Egunaren atariko, politikari eta abokatu feminista garrantzitsuenetakoa izan zen Simone Veili buruzko Simone, la mujer del siglo filma emango dute gaur Modelon. Olivier Dahan zinegile frantziarra da sortzailea eta Frantziko zinema akademiaren bi Cesar sari irabazi zituen duela bi aste egin zuten ekitaldian. Jantziteria onenaren eta ekoizpen diseinu onenaren sariak, hain zuzen ere.
Dahanek 2007an zuzendu zuen La Vida en Rosa filmarekin egin zuen bide beretik, Frantzian ikur den emakume baten ibilbidea jaso du oraingoan ere. Edith Piaf abeslari ezagunari egin zion aitortza orduan eta Simone Veil politikariari oraingoan, esan bezala.
Hala, Veilen haurtzarotik abiatuta, politikari frantziarraren borrokak zein tragediak bildu ditu ikus-entzunezkoan; izan ere, bizitza mugitua izan zuen oso 2017an zendu zen arte. Holokaustotik ihes egitea lortu zuen haurra zela, eta zuzenbidean aritu ondoren politikagintzara egin zuen jauzi. Frantziako Osasun Ministro izendatu zuten 1974an eta urtebetera Veil legea delakoa onartzea lortu zuen, zeinaren bidez legezkoa egin zuen abortua Frantzian. Gerora, Europako Parlamentuko presidente ere izendatu zuten. Kargua bete duen lehen emakumea izan zen 1979tik1982ra.