Zarautzen ere ozen entzun dira aldarri feministak

Jabi Gonzalez Toston 2023ko mar. 8a, 21:30

Herriko kaleak goraino bete ditu herriko mugimendu feministek elkarrekin deitu duten Martxoaren 8ko manifestazioak. Ehunka lagunek egin dute bat protestarekin eta dantzan eta kantuan borobildu dute Lege Zaharren enparantzan.

Emakumeen eta gizonen arteko parekidetasuna aldarrikatzeko eguna izan da gaurkoa, Martxoaren 8a, Emakumeen Nazioarteko Eguna. Hori dela eta, Euskal Herrian ez ezik, mundu osoan egin dituzte protesta mobilizazioak eta Zarautz ez da salbuespena izan. Herriko talde feministak biltzen dituen koordinadora feministak deituta manifestazioa egin dute iluntzean eta ehunka lagun bildu dira helmuga izan duten Lege Zaharren enparantza betetzeraino.

Bertan, protestan parte hartu duten eragileek irakurketak egin dituzte. Guztiek ere hizpide izan dituzte aurtengo manifestazioan ere lehen lerrora ekarri duten zaintza arloa. Amaieran, irradaka dantza dantzatu dute eskutik helduta eta azkenik Zutik emakumeak abestia kantatu dute, baina letrari moldaketa bat eginda, transak eta bollerak ere gehitu nahi izan baitituzte.