'Los Fabelman' eta 'Momiak' filmak eskainiko dituzte gaurtik astelehenera

Jabi Gonzalez Toston 2023ko mar. 11a, 10:00

Steven Spielberg zinegile ezagunaren azken lana da Los Fabelman eta esan liteke ikus-entzunezkoa hari buruzkoa dela, nolabait, erdi autobiografikoa. Gainera, zuzendari onenaren saria jasotzeko hautagai nagusia da asteburu honetan banatuko diren Oscar sarietan.

Igandetik astelehenerako gauean emango diren Oscar sarietarako zazpi izendapen dituen Los Fabelman filma emango dute Modelo aretoan gaur, bihar eta etzi. Steven Spielberg zinegile aski ezagunaren azken lana da eta Urrezko Globoetan zuzendari onenaren saria irabazi ondoren Oscarretan gauza bera egiteko hautagai nagusia da.

Nabarmentzekoa da, gainera, azken film honetan Spielberg bera dela ikus-entzunezko protagonista, nahiz eta ez dituen ez aktore lanak egin eta pertsonaia nagusiak ere ez duen Steven Spielberg izena. Edonola ere, film erdi autobiografikoa da eta zinegileak bere gaztoaroa nolakoa izan zen kontatuko du bertan Gabriel LaBellek gorpuztuko duen Sammy Fabelman pertsonaiaren bitartez.

Horrez gain, haurrentzako eskaintza ere izango da gaur eta bihar. Momiak animaziozko filma emango dute euskaraz eta gogoz kontra ezkondu behar dituzten Nefer printzesaren eta Thuteren istorioa kontatuko du fikzioak. Biak ala biak momiak dira eta Thutek faraoiak eman dion ezkontza eraztuna zaindu beharko du begiak eta mihia galdu nahi ez baditu. Bada, Lord Carnaby arkeologoak aurkituko du eraztun hori indusketa batean eta gizakien mundura joan beharko du Thutek hura berreskuratzeko.

Martxoak 11, larunbata
16:45. Momiak
19:15. Los Fabelman
22:15. Los Fabelman

Martxoak 12, igandea
16:45. Momiak
19:15. Los Fabelman
22:15. Los Fabelman (Jatorrizko bertsioan gaztelerazko azpitituluekin)

Martzoak 13, astelehena (ikusleen eguna)
17:00. Los Fabelman
20:30. Los Fabelman

Martxoak 14, asteartea
20:30 Saio originala: Todo a la vez en todas partes (Jatorrizko bertsioan gaztelerazko azpitituluekin)