Hainbat arte eszeniko bilduko dituen Pagoeta Fest jaialdia antolatu dute apirilaren 21etik 23ra

Aiora LarraƱaga Solaberrieta 2023ko mar. 12a, 11:30
Zirkua, musika eta umorea uztartuko ditu topaketa honek. (Zingirarte Kultur Espazioa)

Aiako Zingira kanpinean izango da, eta jaialdiak artea, antzerkia, zirkua, musika eta umorea uztartuko ditu.

Pagoeta Fest jaialdia antolatu dute apirilaren 21etik 23ra bitartean Aiako Zingira kanpinean. Antolatzaileen esanetan, artea, zirkua, musika eta umorea uztartuko ditu topaketak, Pagoeta Natur Parkeak eskaintzen duen ingurune "paregabean".

Horretarako, familia osoari zuzendutako askotariko ikuskizunak, kontzertuak, jokoak, ibilaldi eszenikoak eta instalazio artistikoak antolatuko dituzte. Bertan parte hartuko dute Euskal Herriko, Kataluniako, Espainiako eta Frantziako artistek eta konpainiek: Barre Taldea, Jean Philippe Kikolos, Teatro Sobre Ruedas, Maite Guevara, Las XL, Las Polis, Nando Caneca, Domi Circo, Maleta Company eta Cie Balancetoi.