Lehia osasuntsua nagusitu da Mahasti Krosean

Jabi Gonzalez Toston 2023ko mar. 12a, 16:00

Ikuskizun paregabea eskaini dute Ibai Makazagak eta Imanol Larrañagak. Azkarrenak izan dira 86 parte hartzaileen artean eta lasterketa osoa elkarrekin egin ondoren, eskutik helduta helmugaratu dira. Emakumezkoetan, berriz, Ainhoa Caporossi zumaiarra nagusitasunez gailendu da.

Gutxitan ikusten den irudi ederra utzi du Mahasti Krosaren laugarren edizioak; izan ere, eskutik helduta helmugaratu dira lehen bi sailkatuak: Ibai Makazaga oriotarra eta Imanol Larrañaga azkoitiarra. Hori dela eta, sari banaketara arte itxaron behar izan dute irabazlea bietako nor zen jakiteko. Bada, txipak Makazagari eman dio garaipena eta hura izan da txapela jantzi eta baskula gainera igo dena, irabazleak bere pisua txakolin botiletan baitzuen saritzat. Hori bai, Larrañagarekin partekatu ditu 68 botilak.

Bi korrikalariek hasieratik hartu dute burua eta lasterketa osoan eutsi diote. Aurkaria atzean uzteko ahaleginak ere egin dituzte erritmoa bizituta, baina indarrak guztiz parekatuta zituztenez, ibilbidearen erdira iritsitakoan lasterketa batera egitea adostu dutela aitortu dute. Gainera, asko ari ziren arriskatzen eta baldintzak ez ziren egokienak: lokaztuta zegoen lasterketa eremua eta giroa ere sargoria zen. Hala, elkarrekin egin dute 7,2 kilometroko bide osoa 32 minutu eta 25 segundoan. Ia bi minutura iritsi da podiuma osatu duen Mikel Usandizaga aiarra (34:02).

Emakumezkoetan, aldiz, Ainhoa Caporossi zumaiarra izan da azkarrena. Nagusitasunez gailendu da, hasieratik bukaerara izan baita emakume aurreratuena. 39 minutu eta 36 segundo behar izan ditu zumaiarrak ibilbide osoa egiteko. Kontrara, estuago izan da bigarren posturako lehia; izan ere, 11 segundo eskaseko aldea besterik ez da egon Ainhoa Usandizaga oriotarraren (41:12) eta Ioana Osa ondarrutarraren (41:23) artean. Gainera, hasieran Osa zihoan aurretik eta aurreratu egin du Usandizagak.

86 korrikalari izan dira orotara lasterketan parte hartu dutenak eta etxeko ordezkarien lanari erreparatuta, Mikel Lasa izan da lehenengo zarauztarra gizonezkoetan bosgarren postuan helmugaratuta (37:30). Aitzpea Lertxundi, berriz, emakumezkoetan (48:12). Gainera, bosgarren sailkatu da Lertxundi ere.

Lasterketa eta sari banaketa amaituta, giro bikaina izan dute Talaiberri txakolindegian. Korrikalariek nahiz haiek ikustera bertaratu diren pintxoa eta txakolin kopa eskaini dituzte euro batean eta Caritas erakundearentzat izan da bildutako dirua.